Gaur, laugarren greba eguna egiten ari dira Mecaner-eko langileak, multinazionalak Urdulizgo lantegia itxi eta 148 langile kaleratzeko dituen asmoen aurrean. Gainera, enpresa-batzordea Eusko Jaurlaritzako Industria eta Trantsizio Energetikoko zuzendariarekin eta SPRIko Industria Garapeneko arduradunarekin batzartu da.
Bilera horretan, Mecaner-eko langileen egoera eta Stellantisen asmoak azaldu ditu enpresa batzordeak. Bertan, hainbat gai azpimarratu nahi izan ditu:
- Enpresaren erabakia plan estrategiko baten barruan dago, deslokalizazio-prozesu bat egin eta Urdulizko lantegia itxi, helburu argi batekin: irabazi-marjinak handitu eta kostuak murriztu.
- Mecaner enpresa bideragarria eta lehiakorra dela. Azken urtean, 606.000 euro irabazi ditu Mecanerrek, eta 16.000 milioi baino gehiago Stellantis taldeak.
- Mecaner ixteak dakartzan ondorio negatiboak, lanekoak zein sozialak; zuzeneko eta zeharkako enplegua suntsitzea…
- Stellantis taldeak EEE bat egin eta Urdulizko instalazioetatik alde egin nahi du. Hori dela eta, gobernuek ziurtatu behar dute jaso dituen diru laguntza publikoak itzuliko dituela. Gainera, jasangarritasun ekologiko eta sozialeko irizpideen araberako industria-birmoldaketari ekin behar diote, lanpostuak mantenduz.
- Horregatik, Mecaner-eko enpresa-batzordeak eskaera zehatz bat egin du:
- Instituzioek zeregin aktiboa izan dezaten eta Mecaner-en jarraipena ahalbidetuko duen irtenbide bat bilatzen parte har dezaten.
- Enpresaren utzikeria eta zitalkeria ikusita, Mecanerreko langileek, kanpoko adituen laguntzarekin, txosten bat egin nahi dute, bideragarritasun-plan bat, lantegiaren ixteko aukeraren aurrean, alternatiba bat ekarriko duena, beti ere, ikuspegi ekosozialetik. Horregatik, txosten hori egiteko laguntza ekonomikoa eskatu diete, baita txosten horretan jasotako alternatibaren aurrean lankidetza eta babesa ere.
Langileek argi dute, ez dute onartuko inposatu nahi dieten etorkizun beltza. Gure industriaren desmantelamentu progresiboaren aurrean apurka, herri gisa borrokatzea eta erantzutea baino ez da geratzen.