2024-11-23
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaOsakidetzako pribatizazioen kontra mobilizatuko gara ekainaren 3an

Osakidetzako pribatizazioen kontra mobilizatuko gara ekainaren 3an

SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok manifestazioa antolatu dugu ekainaren 3rako, eguerdiko 12etan Bilbon, Osakidetza egiten ari den pribatizazioak salatzeko. Hain zuzen ere Osakidetzak pribatizazioaren estrategiari eusten dio. Sindikatuon iritziz honek desberdintasunak areagotzen ditu osasun zerbitzua eskuratzeko orduan. Horregatik ezinbestekoa deritzogu gure osasun publikoa sendotzea.

Urdulizko Ospitaleetako sukalde, ikuztegi eta garbikuntza zerbitzuen baldintza-agiria geldiarazteko agindua jaso ondoren ere, Osakidetzak zerbitzu horiek eta beste zentro batzuetakoak pribatizatzeko asmoarekin darrai. Osakidetzak, berriro ere, inolako zerbitzu berririk ez “kanporatzeko” bere konpromisoa urratuko du honela.

Osakidetzak pribatizazioaren estrategiari eusten dio. Eta sindikatuok egiaztapen bat azpimarratu nahi dugu: osasun-sistemak zenbat eta pribatizatuago egon, orduan eta desberdintasun handiagoa osasun-zerbitzuak eskuratzeko. Guk apustu egiten dugu ekitatearen alde; baina, horretarako, ezinbestekoa da gure osasun publikoa sendotzea.

Azpimarratu beharrekoa da, halaber, zerbitzu-mota guztiak pribatizatzen direla, baita zuzeneko osasun-arreta ere. Bereziki eskandaluzkoa iruditzen zaigu Tolosaldeko egoera, Euskal Autonomi Erkidegoan erreferentziako ospitale publikorik gabeko eskualde bakarra baita.

Sindikatuak erabaki hauen aurkako mobilizazio ezberdinak egiten ari gara, oraingoan Osakidetzako langileak eta gizartea, orokorrean, pribatizazioen kontrako manifestazio batera deitzen ditugu. Osasun zerbitzu publiko eta kalitatezko bat defendatzen dugu eta ez diogu aldarrikapen hau egiteari utziko Osakidetzak berak hartutako konpromisoak betetzen ez diren bitartean.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.