2024-11-22
HomeEkintza SindikalaLangileen %70aren babesa izan du EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako gaurko grebak

Langileen %70aren babesa izan du EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako gaurko grebak

Apirilaren 25ekoak izandako jarraipena gainditu du gaurkoak. Honek agerian uzten du langileriaren kezka eta arazoak errealak direla. Biharko eta etzirako eta abenduak 11 eta 15 bitarte ere grebak daude deituta esparru honetan.

Gizarte Ekimeneko itunpeko ikastetxeetako 9.000 langile inguru zauden gaurko grebara deituak. 200 ikastetxe baino gehiagotan 130.000 ikasle ingururi ematen dizkiete eskolak.

Greba egunak oso jarraipen zabala izan du; apirilaren 25ekoak izandako jarraipena gainditu du. Lan zuzendaritzak gehiegizko zerbitzu minimoak ezarri dituen arren, sindikatuok batu ahal izan ditugun datuen arabera %70 ingurukoa izan da jarraipena. Bilboko manifestazioan 5.000 langile inguru batu dira. Honek, egindako aldarrikapenekiko langileen atxikimendua erakusten du. Baita beraien kezka eta arazoak errealak direla ere.

Helburua 2021ko abendutik iraungita dagoen hitzarmena lehenbailehen berritzea da. Aurreko Hitzarmena 10 urtez berritu gabe egon zen eta 29 greba egun egin behar izan zituzten langileek hitzarmen berria lortzeko.

Ikasturtea hastearekin bat LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok, Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei negoziaketa eskaera helarazi genien; eta Eusko Jaurlaritzari ere bilera eskaera bat luzatu, negoziaketaren blokeo egoeraren berri emateko. Ez dugu ez bata ez bestearen erantzunik jaso gaur gaurkoz.

Sindikatuok gogorarazi dugu abian jarri dugu mobilizazio dinamikaren barruan beste zazpi greba egun deituak ditugula, zehazki bihar eta etzirako eta abenduaren 11 eta 15 bitarterako. Hitzarmen berria sinatzea ahalbideratuko duten edukiak izan ezean, greba hauekin jarraitu eta dinamika indartu beste biderik ez dugula izango jakinarazi diegu patronalei.

Aldarrikapen nagusiak lan zamak arintzeko neurrietan, sektore feminizatu eta prekarizatuenentzat hobekuntzetan, KPIa bermatuko duten soldata igoeretan, lanpostuak mantentzeko neurrietan eta Lanbide Heziketako edukietan oinarritzen dira. Euskara planak, berdintasun planak eta lan osasuna eta bereziki arrisku psikosozialen aurreko planak ere jomugan ditugu sindikatuok.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.