Asunción klinikako langileek, hiru eguneko lanuzteak eta 24 greba egun aurrera eraman eta gero, beste bi greba egun deitu dituzte urriaren 18 eta 25erako, euren lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmenaren alde.
Tolosako Invizako langileek zerbitzu publikoa eskaintzen dute, beste eskualde batzuetan Osakidetzak egiten duena, baina batzuen eta besteen lan baldintzak oso urrun daude.
Langileek 2021etik berritu gabe dute hitzarmena eta urte hauetako KPIa kontuan hartuta, eros-ahalmenaren %12,2 galdu dute. Hitzarmena berritzearekin, besteak beste, galdutako eros-ahalmena berreskuratzea, KPIari erreferentzia egingo dioten soldata igoerak izatea eta 35 orduko lan astea egikaritzea dira lortu nahi dituztenak.
Klinika kudeatzen duen Inviza enpresa-taldeak 5,8 miloi euroko etekinak izan ditu azken lau urteotan, erregistroan dauden datuen arabera, baina enpresak orain arte ez du erakutsi negoziatzeko inolako borondaterik.