2024-11-22
HomeUncategorized Esku-hartze soziala... zer da hori?

[IRITZIA] Esku-hartze soziala… zer da hori?

Iritzi artikulua osatu dute Esku-hartze sozialeko langileak eta LAB sindikatuko kideak diren Begoña Mendigurenek, Carlos Hernándezek eta Izaskun Arotzenak. Jarraian irakur daiteke:

Integratzaileek, gizarte-langileek, psikologoek eta gainerako profesionalek ibilbide luzeko Gizarte Zerbitzuen sare bat osatzen dugu. Ia ez gaitu inork ezagutzen, baina leku guztietan gaude: etxebizitzetan, itxarongeletan, supermerkatuetan, farmazietan, ospitaleetan, dendetan, tabernetan, kaleetan… Aurrez aurre, telefonoz, online. Imajina daitezkeen leku guztietan gaude, era guztietako zereginak egiten, pertsonen beharrei erantzuteko. Gure lana pertsonei laguntzea da, gizartean beren lekua har dezaten laguntzea. Horregatik ez gara ezagunak, ez garelako protagonistak, haiei laguntzen diegunak baizik. Bizitza duin bat eta bizitza hobea izateko guztiok dugun eskubidea defendatzen dugu.

Azken aldian, gizarteak hainbat krisi ekonomiko eta sanitario bizi izan ditu, baita balio-krisiak ere. Horrek ondorioak izan ditu gure sektorean, batez ere artatzen dugun pertsonei eragin dielarik, baina lan egiteko baldintzak ere okertu dira. Arlo soziala ez da inoiz lehentasunezkoa programa politikoetan, ezta premiazkoena ere agenda instituzionaletan. Pandemiaz geroztik, egoera horrek, beti nahiko prekarioa izan denak, okerrera egin du, langileon zaurgarritasuna areagotuz. Prekaritate horrek profesionalak ere kolpatu ditu.

Gure lanak interes publikoa du, eskubideei erantzuten baitie; horregatik, administrazio publikoek sektoreko arduradunak beste erantzukizun dute bizi dugun egoerarekiko. Are gehiago, gure lanaren finantzaketa eta baldintzak bermatzearen ardura ere badute. Hala ere, gero eta diru-laguntza gutxiago dugu, neurrigabeko eskakizunak, baldintza onartezinak planteatzen dituzten hitzarmenak, gehiegizko burokratizazioak, alegia gure lana okertzen duten egoera ugari. Asko dira egoera honen arrazoiak, baina bereziki kezkagarria iruditzen zaigu arduradun publikoentzako gure sektoreak garrantzia galdu izana. Gure lanaren ondorioz bermatzen ditugun eskubideek lehentasunik ez badute, gure lana debaluatzeaz gain, artatzen ditugun pertsonen babesgabetasuna areagotzen dute.

Gure munduan lehentasunak azkar eta etengabe aldatzen dira, eta, horren ondorioz, administrazioek sare sozialetan edo komunikabideetan sortutako sute artifizialei erantzuten diete, benetako beharrei erantzun gabe. Ez digute sektoreko profesionalei galdetzen ezta entzuten ere, geu izan arren gizarte-agendaren lehentasunak ezarri beharko genituzkeenak, gure egunerokotasunean aurre egin behar diegun arazoen ezagutzatik abiatuta. Irizpiderik izan ez eta moda mediatikoak jarraitzearen ondorioz, administrazio publikoek funtsik gabeko eskaerak egiten dituzte presaz. Are, batzuetan eskaera kontraesankorrak dira, “sutea itzaltzea” beste helbururik ez dutelako. Hala, benetako premiei erantzuteko plangintza eta metodologia egokirik ere ez dute jarraitzen. Horrek eragotzi egiten digu profesionalok nahi eta behar dugun eta gure erabiltzaileek merezi duten arretaren kalitatea eta jardunbide egokiak garatzea.

Eta nola erantzun diote gizarte-erakundeek eta elkarteek administrazioaren noraez horri? Bada, pixkanaka-pixkanaka, elkarteek izaera propioa galdu dute eta enpresa izatera igaro dira, eta administrazioaren moduak eta formak eskuratu dituzte, duela gutxi kritikatu eta borrokatzen zituzten forma berberak, hain zuzen ere. Prozesu hori burokratizazio gisa defini dezakegu, nahiz eta profesionalizazio gisa “saldu” nahi izan duten. Xedea ez da izan lan eta arreta baldintzen hobekuntza (profesionalok borrokatzen dugun profesionalizazioa), baizik eta aitzakia bat gure lurraldean esku-hartze sozialeko sarea eraiki zuten erakundeak hierarkizatzeko eta pribatizatzeko.

Sektoreko 30 elkarte baino gehiago daude Bizkaian, eta ia ez dute elkar ezagutzen. Erakunde publikoen babespean daude; udalak eta Bizkaiko Foru Aldundia, eta haiek dira modu pribatizatu eta delegatuan elkarteek ematen dituzten zerbitzuen arduradunak. Bananduta mantentzen dituzte elkarteak eta baliabide eskas batzuengatik lehiatzera behartzen dituzte. Elkarrengandik aparte mantentzen gaituzte eta eskasegiak diren baliabideengatik lehiatzera garamatzate. Sektorean ezarri duten finantzaketa sistemaren ondorioz administrazioaren interesen mende dagoen patronal horrekin banan-banan negoziatu beharra daukagu. Hala, profesionalizaziorako eta zerbitzuak bermatzeko erreminta baino, xantaia hutsa da finantzaketa-modu hori.

Gure lan-baldintzek okerrera egin dutela nabaria da: lan gehiago, diru gutxiago, eskubideen galera eta murrizketa, gure enpleguen prekarizazioa, etengabeko errespetu faltak, duintasunaren aurkako erasoak, erosteko ahalmenaren galera, bizi-kalitatea okertzea, egonkortasunik eza, etab.

Horren aurrean frustratuta eta haserre sentitzen gara. Non geratzen dira gure lanaren, esku-hartze sozialaren, filosofia eta etika? Non daude gure erakundeen eta administrazio publikoen balioak? Non gelditu dira erabiltzaileen zein gure lanaren duintasuna? Zalantza horiek haserretu egiten gaituzte, definizioz humanoa eta humanitarioa den gure lanean gizatasuna galdu dela adierazten dute.

Horregatik, 2023an, gure lanbidearen hobekuntza aldarrikatzeko eta laguntzen ditugun pertsonen alde, erdigunean jartzea tokatu zaigu. Bizitza-proiektu duinak izatea ahalbidetuko diguten lan-baldintzak lortu, burn out-a ez pairatzeko borrokatu, ratioak bete, eskubide eta soldata duinak defendatu, ordezkapenak bermatu eta abar luzearen alde borrokatu behar dugu.

Feminizatutako eta benefizentziari lotutako lanbide baten herentzia daukagu, horregatik espero da beti hor egotea, edozertarako prest, bestela, nork emango ditu zaintza horiek?

Baina benetan gu hor egotea nahi bada, gure eskaerei erantzun behar zaie. Tratatzen ditugun pertsonei eskaini nahi diegun duintasun eta profesionaltasun berarekin tratatzea eskatzen dugulako. Gure lanaren beharra ulertzea nahi dugu, izan ere, laneko duintasunaren eta justiziaren eskaera horiek egiten baditugu, artatzen ditugun pertsonek merezi duten duintasuna eta justizia soziala aldarrikatzeko da. Azken finean, haiexek dira gure lan-baldintzak hobetuz gero onurarik handiena izango dutenak.

Pertsonak zainduz eta eskubideak bermatuz egiten dugu lan. Horregatik, gure eskubideak aldarrikatzea eta geure burua zaintzea ere gure lanaren parte da.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.

Gizarte Segurantza propioa eskatu dugu, langileen osasuna kontrol eta presioaren gainetik jartzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, INSS Gizarte Segurantzaren Espainiako institutuaren bulegoen ondoan, kapitalak langileriari egiten dion kontrol eta presioaren gainetik osasuna eta prebentzioa jar daitezela aldarrikatzeko. LABek Gizarte Segurantza propioa eskatzen du, nafar langileen beharrak benetan erdigunean paratuko dituena.