2024-11-22
HomeEkintza SindikalaBizkaian gertatutako bi lan-istripu oso larrik agerian utzi dute patronalak sistematikoki urratzen...

Bizkaian gertatutako bi lan-istripu oso larrik agerian utzi dute patronalak sistematikoki urratzen duela Prebentzio Legea

Beste bi lan-istripu salatu ditugu. Horien ondorioz hiru zauritu izan dira, horietako bi larri. Bi lan-istripuak egun berean gertatu ziren, urriaren 9an, astelehenean, elkarrengandik kilometro gutxira, lehena Getxon eta bigarrena Erandion.

Bi langile zauritu dira Getxon, lanerako zerabilten igogailua erorita
Bizkaiko Suhiltzaileek sare sozialetan azaldu zuten bezala, lanerako zerabilten igogailua erorita zauritutako bi langile erreskatatu behar izan zituzten. Igogailua Urkiola kaleko etxebizitza partikular batean zegoen. Horren ondorioz, langile batek zauri larriak izan zituen beso batean, eta bestea suhiltzaileek atera behar izan zuten, igogailuaren kabinaren azpian harrapatuta geratu baitzen.

Larri zauritutako langilea Erandion, lau metroko altueratik erorita
Langile bat lau metroko altueratik erori zen, plaka zeharrargi bat zapalduta, Erandioko Erribera kaleko industria nabe batean amiantoa kentzeko lanak egiten ari zela. Zauritutako langileak 32 urte ditu eta Reformas Maver enpresan egiten du lan.

Bi lan-istripuen ondorioz, langileek osasun-arreta behar izan zuten, eta ospitalera eraman zituzten.

Berriz ere bi lan-istripu altueratik erorita. Urtero, hainbat langile hiltzen dira horrelako istripuen ondorioz, eta, horregatik, LABek galdetu du ea noiz indartuko den horrelako lanen gaineko kontrola. Argi dagoena da lan-baldintzek eta prebentzio- eta segurtasun-neurrien faltak edo akatsak eragiten dituztela erorikoak.

Gainera, Erandioko istripuak plus bat dakar berekin; izan ere, nabe baten desamiantatze lanetan izan da. Halako lanek segurtasun-protokolo zorrotzagoak izan behar dituzte, eta plan espezifiko bat, lanok egiteko modua, horien kontrola eta jarraipena jasoko dituena. Baina hau ez da gertatzen. Desamiantatze lanetan gertatzen ari dena, duela gutxi gertaturiko kasu batzuetan bezala, lan-erritmo altuak lehenesten direla da, ahalik eta lasterren egiteko eta jarduera ahalik eta gutxien geldiarazteko.

LAB sindikatuak elkartasuna eta babesa adierazi nahi die zauritutako langileei, haien senideei, lankideei eta lagunei.

Era berean, salatu du lan-istripu horiek ez direla kasu isolatuak, baizik eta langileen eguneroko ogia. Lan-erritmo altuak, lehenbailehen amaitzeko presioak… azken batean, patronalaren lehentasuna da onura ekonomikoak azkar lortzea, langileen segurtasunaren eta osasunaren gainetik, prebentzio-legea sistematikoki urratzen delarik. Bada, kontrolatu eta zigortzen ez dituzten erakundeen konplizitateak eta utzikeriak ahalbidetzen du hori.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.

Gizarte Segurantza propioa eskatu dugu, langileen osasuna kontrol eta presioaren gainetik jartzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, INSS Gizarte Segurantzaren Espainiako institutuaren bulegoen ondoan, kapitalak langileriari egiten dion kontrol eta presioaren gainetik osasuna eta prebentzioa jar daitezela aldarrikatzeko. LABek Gizarte Segurantza propioa eskatzen du, nafar langileen beharrak benetan erdigunean paratuko dituena.