2024-12-23
HomeIndustriaMetalgintzaKontratazio berriak eta inbertsioak behar dira Arcelor Mittaleko lantokiek etorkizuna izan...

Kontratazio berriak eta inbertsioak behar dira Arcelor Mittaleko lantokiek etorkizuna izan dezaten

LAB oso kezkatuta dago Euskal Herriko Arcelor Mittaleko lantokiek pairatzen duten egoerarekin. Xehetasunak xehetasun, Hego Euskal Herriko lantokien egoera berdina da: enplegu suntsiketa, langile falta, prekarietate gehiago eta inbertsiorik ez dago. Kontratazio berririk gabe eta inbertsiorik gabe, Euskal Herriko lantokien etorkizuna kolokan dagoela begibistan dago. Hala, LAB sindikatuak agerraldi bat egin du gaur, Bilbon, Arcelor Mittaleko Euskal Herriko lantegien egoerari buruz egiten duen analisia jakinarazteko. Sindikatuko Industria Federazioko kide Jonan Goñik hartu du hitza, eta Arcelor Mittalek Euskal Herrian dituen lantegi guztietako ordezkariek hartu dute parte.

Arcelor Mittal multinazionalaren aldetik ez dugu ikusten, ez apusturik, ez konpromisorik lurralde honekiko. Bitartean, langileen lan baldintzak etengabe okertzen ari dira. Azpikontratazioa gero eta handiagoa da, Arcelorrek betidanik eskaini dituen zerbitzuak azpikontratatuz (laborategia, biltegia…).

Egoera honek beste lurraldeetan egin dituen inbertsioekin eta kontratazio berriekin talka egiten du, Asturiasen bezala. Beraz, inbertsioak badaude, baina ez Euskal Herrian.

-ENPLEGU GALERA:

2007. urtean Mittalek Arcelorreko altzairutegiak erosi zituenetik, 1.758 lanpostu inguru suntsitu ditu, langileen %51 baino gehiago, hau da, lanpostuen erdia baino gehiago. Galera hau, gainera, lantoki guztietan ematen da:

2007- 2017, aldea:
  
-Lesaka-Legasa: 847-425 (-422)   
-Etxebarri: 773-394 (-379)
-Olaberria*: 440-430 (-10)   
-Bergara: 350-155 (-195)   
-Sestao: 510-238 (-272)   
-Zumarraga: 488-8 (-480)   
-Guztira: 3.408-1.650 (-1.758)  

*Olaberriko lantokian enplegu galera txikiagoa izan da Madrilgo Villaverde itxitako lantokitik etorritako langileak bere gain hartu dituelako.

Honela jarraituz gero, 2027rako ez da langile bakarra geldituko Euskal Herrian.

-EZ DAGO INBERTSIORIK:

Lantokien beharrezko funtzionamendutik haratago doan inbertsiorik ez dago, salbuespen bakarra Etxebarriko lantokia dugu:

Inbertsioak (azken 5 urteetan)
Lesaka: 1.100.000 €
Etxebarri: 3.500.000 € .
Olaberria: 0
Bergara: 0
Sestao: 0
Legasa: 0

Euskal Herriko lantokietan ia inbertsiorik egiten ez den bitartean, Espainiako beste lantokietan ia 270 miloi eurotako inbertsioa onartua dago, Asturiasen bezala.

Beraz, argi geratzen da Arcelor Mittalek Euskal Herriko lantokiekiko mantentzen duen jarrera krudela argindarraren prezioa eta altzairu txinatarraren izeneko krisia baina askoz lehenagotik datorrela.

Gainera, Arcelor Mittalek Italiako Ilva altzairutegia erosiko balu, euskal altzairutegien etorkizuna are gehiago okertuko luke (2.300 miloi eurotako inbertsioaz hitz egiten ari da).

HONEN AURREAN, ZER EGIN? LABen PROPOSAMENA

LAB sindikatua errealitate hau Euskal Herriko lantokietako langileekin konpartitzen hasia da dagoeneko. Arazo globalen aurrean, konponbide globalak. Bada ordua lantoki bakoitzaren eremua gainditzeko eta herri gisa aritzeko. LABek Euskal Herriko lantokiak batzeko garaia dela uste du, honakoa defendatzeko:

1. Euskal Herriko lantokien etorkizuna bermatuko duten inbertsioak ekarri behar ditugu.
2.Enplegu berria sortu.
3.Kalitatezko enplegua defendatu. Eskubide galera gehiagorik ez!, azpikontratazio gehiagorik ez!

Horretarako:

-Elkarlana bilatuko dugu gainontzeko sindikatuekin, aipatutako helburuak lortzeko helburuarekin, konponbidea langileen eskutik etorriko denaren konbentzimendutik. Denon artean erabaki ditzagun eman beharreko urratsak eta mobilizazioak.

-Multinazionalari zera exijitzen diogu, Euskal Herriko lantokien aldeko apustu argia egin dezala, kalitatezko enplegu berria sortuz eta lantokien etorkizuna eta bideragarritasuna bermatuz. Ez da zilegia euskal eta nafar erakundeei diru laguntzak exijitzea enplegua suntsitzen eta lantokiak ixten dituen bitartean.

-Erakundeei exijitzen diegu, lehenik eta behin, ez diezaiotela multinazionalari babes gehiago eman, ahalegin handiagoa eskatuz langileei. Argitara eman ditugun datuen arabera, argi erakutsi dugu denbora honetan zehar langileek murrizketak baino ez dituztela jaso. Bigarrenik, instituzioetatik eta, bereziki, Eusko Jaurlaritzaren aldetik, inplikazio gehiago eskatzen dugu. Ziurtatu behar dute eman dezaketen edozein diru laguntza publikoek aurreko helburuak betetzen dituztela, alegia, enplegua sustatzen dela, produkzioan onura nabarmenak ekarriko dituen inbertsioak egiten direla eta lantokien etorkizuna bermatzen dela.

Eta, azkenik, Zumarragako lantokia orain dela urte bat itxi zutenetik eta jada albiste ez garenez, badirudi altzairuaren arazoa desagertu dela, eta harrezkero ez da gurekin biltzen. Galdera zuzena egin nahi diogu Eusko Jaurlaritzari: ze nolako neurriak hartu ditu denbora honetan altzairuaren sektorea Euskal Herrian bizi irauteko? Alegia, zer nolako politika industriala dauka altzairuarekiko? Guk, langileok bederen, ez dugu ezagutzen. Alor honetan ziur gaude Eusko Jaurlaritzak orain arte egin duena baino askoz gehiago egin dezakeela. Ez diogu antzematen Eusko Jaurlaritzari altzairua babestu eta bultzatu beharreko sektore estrategikoa denik. Asturiasen sekulako inbertsioak egiten ari diren bitartean, nola liteke Euskal Herrian altzairutegiak ixtea?

LABen iritziz, aurrez aurre ditugun arazoei aurre egiteko garaia da. Ezin dugu ez ikusiarena egin. Gure etorkizuna arriskuan dago. Ekimen berriak martxan jartzeko garaia da.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...