2024-11-22
HomeUncategorizedMaiatzaren 16 eta 23an greba eguna izango da EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza...

Maiatzaren 16 eta 23an greba eguna izango da EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan

Martxoaren 22an oso jarraipen zabal izan zuen grebak eta mobilizazio oso jendetsuak burutu genituen EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan eta haurreskoletan. Bai irakasleen artean baita Heziketa Bereziko Langile, Sukaldari eta Garbitzaile nahiz Haurreskolak Partzuergoko langileen artean ere. Baina egoerak oso larria izaten jarraitzen du, ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritza azken urte luzeetan inposatzen ari den murrizketak eta hezkuntza politika errotik aldatzea. Hau aldarrikatuz maiatzaren 16 eta 23an berriro ere grebara deitzen dugu.

Egungo hezkuntza publikoaren egoera larritzat jo genuen eta buelta emateko oinarri-oinarrizko neurriak plazaratu genituen:

– Hezkuntza inbertsioa handitzea (gutxienez Europar Batasuneko bataz-bestekoa, progresiboki %6ra iritsiz).

– Plantilak gutxienez 2.000 langiletan handitzeko beharra.

– Bataz-besteko ia %40ko behin-behinekotasuna (%38 irakasleetan, %57 Haurreskoletan, %58 Heziketa Berezian eta %63 Sukalde eta Garbiketan), %6ra murrizteko premia. Horretarako 6.000tik gora lanpostu egonkortuz kolektibo ezberdinetan.

-Ikasle-ratioak %10 murriztea.

– Hezkuntzako langileen eroste ahalmena berreskuratzea.

– Ordezkapenak lehen egunetik egitea.

– Bajak lehen egunetik bere osotasunean ordaintzea.

– Erretiroa erraztu eta laguntzeko neurriak berreskuratzea.

– LOMCE Euskal Herriko gure ikastetxeetatik ateratzea eta honen moldaketa hutsa den Heziberri bertan behera uztea.

– Hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera uztea, egungo desorekak gaindituz hezkuntza garapen pertsonal eta sozial integralerako tresna izan dadin (kohesio soziala, integrazioa, aniztasuna, berdintasuna, hezkidetza oinarri).

– Ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen euskarazko murgiltze eredua garatzea.

– Balizko Hezkuntza legearen aurrean sindikatu, hezkuntza eragile eta herritarron parte hartzea eta iritzia aintzakotzat hartzea.
Milaka langile eta herritarrek eginiko oinarrizko aldarrikapen hauen aurrean, Eusko Jaurlaritzak ez du benetako negoziaziorik abiatzeko asmorik agertu.

Egoera honetan, ezinbestekotzat jotzen ditugun aurrez zerrendaturiko gure eskaerak bideratzeko, LAB, ELA eta steilas sindikatuok greba eta mobilizazio dinamika areagotzea beste biderik ez dugula uste dugu.

Hau honela, maiatzaren 16 eta 23an berriro ere grebara deitzen ditugu unibertsitatez kanpoko hezkuntza publiko irakasle, Heziketa Bereziko Langile, Sukaldari eta Garbitzaileak eta Haurreskolak Partzuergoko hezitzaile eta langileak.

Eta maiatzaren 20ean, larunbatean, langileez gain, familia eta herritarrak ere deitzen ditugu 12:00etan Bilbo (Jesusen Bihotza), Gasteiz (Bilbo Plaza) eta Donostian (Boulevard) burutuko ditugun manifestazioetan parte hartzera.

Honez gainera, maiatzean zehar ikastetxeetan eta sektore ezberdinetan beste hainbat elkarretaratze eta mobilizazio burutuko ditugu.

STEILAS, ELA eta LAB sindikatuon ustez, ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritza azken urte luzeetan inposatzen ari den murrizketak eta hezkuntza politika errotik aldatzea eta honek guztiak egungo hezkuntza publikoan eta haurreskoletan sufritzen ari garen egoerari buelta ematea.

Hezkuntza Sailak lan baldintzak hobetzeko eta gure hezkuntza sistemaren oinarrizko zeregina bermatzeko funtsezkoak diren behar hauei erantzun ezean, datorren ikasturtean ere greba eta mobilizazio dinamikari jarraipena ematea beste biderik ez digu utziko.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.