LAB sindikatuaren iritziz, Landabengo Volkswagenen lantegian 400 lanpostu gutxiago izatea ez da ustekabeko bat edo saihestezina zen zerbait. Aitzitik, albiste negatibo hori Volkswagen Nafarroako X. hitzarmen kolektiboaren negoziazioaren testuinguruan sartu behar da, non enpresa beldurra eta ziurgabetasuna erabiltzen ari baita alderdi soziala beldurtzeko. Ez da LABen kasua izanen, lantegiak eta bere langileek etorkizun duina izateko nahitaezkoak diren aldarrikapenak bukaeraraino eramanen ditu eta.
LABen ustez, lanpostuen murrizketari aurre egin ahal izanen litzaioke enpresak benetako borondatea izan balu. Konbustio ibilgailuen ekoizpenaren jaitsiera eta auto elektrikoaren ekoizpen fasera igaro bitartean, lan kargaren murrizketa hori zuzenean bideratzeko aukera bat zegoen, eta hori zen bateria instalazioa Landabenen langile propioekin paratzea. Horretarako, Nafarroako Gobernuak diru publikoko 40 milioi euro jarri zituen, deustarako balio izan ez dutenak; izan ere, instalazioa kanpoan geldituko da, eta seguruenik langile prekarizatuagoekin. Landabenen baterien instalazioa Volkswagengo langileekin jarri izan balitz, enplegu hori finkatu egin zitekeen eta etorkizunean lanpostu gehiago sortzea ekar zezakeen.
Zuzeneko “irtenbide” horretatik harago, LABek urteak daramatza neurri zehatz batzuk proposatzen, enpresak erabat onar zitzakeenak; hala nola, asteko lanaldia 32 ordura murriztea eta erretirotik hurbil dagoen plantillari irteera erraztea, hau gaztetzeko asmoarekin. Neurri horiek, bederen, egoera hori arinduko zuten.
Proposamen horiek, eta bertze batzuk, egun negoziatzen ari den Volkswagen Nafarroako X. hitzarmen kolektiboaren negoziazio mahaira eraman ditu LABek. Negoziazio horretarako, enpresa beldurraren eta ziurgabetasunaren testuingurua eta kontakizuna sortzen ari da, langileen planteamenduak eta balizko mobilizazioak baldintzatzeko.
Bada, LABek argi eta garbi adierazi behar du ez dela kikilduko, eta azken ondorioetara eramanen dituela lantegian baldintza duinak dituen etorkizunerako ezinbertzekoak iruditzen zaizkion aldarrikapenak: aipatutako lanaldia astean 32 ordura murriztea eta plantillaren erretiro aurreratua erraztea; erosteko ahalmenari eustea; berdintasun-planean adostutako neurriak sartzea hauei hitzarmenmaila emateko; eta mutualitateak desagertzea, bajen kudeaketa Osasunbidearekin eginez. LABek ulertzen du borrokatzeko unea dela, eta ez beldurrez negoziatzekoa.