2024-11-25
HomeEkintza SindikalaHezkuntza Departamentuak Nafarroako Lanbide Heziketan egiten dituen lardaskeriak salatu ditugu, bai eta...

Hezkuntza Departamentuak Nafarroako Lanbide Heziketan egiten dituen lardaskeriak salatu ditugu, bai eta nola tratatzen dituen bere irakasleak ere

Gogor salatu nahi ditugu Nafarroako Hezkuntza Departamentuak Lanbide Heziketari buruzko Espainiako lege berria aplikatzean egiten dituen etengabeko lardaskeriak. Lege hori aplikatzeak akatsak eragiten ditu Nafarroan, baina Departamentua, horiek zuzendu beharrean, larriagotzen ari da: irakasleak gutxiesten ditu, haien artean desberdintasunak sortzen ditu eta pertsonak bere nahierara maneiatzen ditu. LABek Departamentuari eskatu dio LHko irakasleekin enpatia pixka bat izateko, eta norabidea berehala zuzentzeko.

LABek ohartarazi nahi duen lehenbiziko hutsunea joan den ikasturtean irakaskuntzan jarduteko beharrezkoa zen prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa eskuratu arren lanik egitea ezin izan zuten pertsonei buruzkoa da. Ezta 2026ko urtarrilaren 19ra arte ere, Lanbide Heziketako lege berriak agintzen duen bezala. Nafarroako Hezkuntza Departamentuak aukera hori itxi baitzuen. 2022-2023 ikasturtearen amaieran, langilerik ez zegoelako, hainbat zerrenda ireki zituen, baina ez zien aukera hori zabaldu irakasle teknikoei zenbait espezialitatetan. Hori bai, behar izanez gero, zerrendak irekiko ditu eta pertsona horiek nahi bezala erabiliko ditu.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak prestatu zituen irakasle horiek eta, horretarako, informazioa eskatu zion Departamentuari, Lanbide Heziketako lege berriak irakasle teknikoei nola eragingo zien adieraz ziezaion. Bada, LABek badaki Hezkuntzak informazioa oker pasatu zuela. Horren ondorioz, kopuru esanguratsu bat ordaindu duten, beren denbora inbertitu duten eta beharrezko prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa lortu duten pertsona horiek ezin dute irakasle tekniko gisa lan egin. Nork ordainduko dizkie matrikula garestiak? Nork itzuliko die emandako denbora? LABi guztiz salagarria iruditzen zaio Hezkuntza Departamentuak NUP behar bezala ez informatzea eta NUPek, gaizki informatua egoteagatik, ikastaro hori lan egin ezin duten pertsonei ematea.

Bestetik, dirudienez, prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa edukitzea ez da beti Hezkuntza Departamentuarentzat baldintza. Horrek, zerbitzu-beharrak aipatuz, prestakuntza hori ez duten irakasleak kontratatzen ditu, arbitrarioki eta nahi bezala, baina gero bere zerrendetatik ateratzen ditu. Zer joko da hau? Egun batean pertsona horiek lan egiteko balio dute eta hurrengoan ez? Egoera hori, adibidez, betetzeko zaila diren lanpostua esleitu zitzaien irakasleek bizi izan dute. Legez, irakasle horiek beren lanpostuan mantendu beharko lituzkete hiru ikasturtez, baina LABek ikusi du zerrendetatik kanpo uzten dituztela eta ezin dutela lanean jarraitu.

Gainera, Lanbide Heziketako Pedagogia Terapeutikoko irakasleei ematen zaien tratuaz hitz egin behar dugu. PT irakasleak hezkuntza berezian espezializatutako kidegoa dira, Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Bigarren Hezkuntzan eta, orain, Lanbide Heziketan ere lanean ari dira, 3/2022 Lege Organikoaren eraginez. Gaur egun, Bigarren Hezkuntzan lan egiten duten PTek osagarri bat jasotzen dute nominan. Baina Lanbide Heziketan lan bera egiten duten PT irakasleek ez dute osagarririk jasotzen. Diskriminazio argia.

Baina irakasleen arteko desberdintasun ekonomikoak ez dira hor amaitzen. Gaur egun, A mailara igarotzen diren Lanbide Heziketako funtzionarioak atzeraeraginez kobratzen ari dira igoera 2021. urtetik, eta hori ez da gertatzen behin-behineko langileekin. Era berean, sektore berezietan espezialista diren irakasleen kidego sortu berrian beste desberdintasun bat sortu da lan bera egiten duten lankideen artean, ez baitute soldata bera jasotzen. LABek Departamentuari diskriminazio hori zuzentzeko eskatzen dio. Eta ez da asko pentsatu behar. Galizia eta EAE bezalako erkidegoek dagoeneko egiten dute nominetan osagarri bat aplikatuz.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Munduko Federazio Sindikaleko Gazteen 4. Kongresuan parte hartu dugu

LAB sindikatuak Munduko Federazio Sindikalaren (MFS) Langile Gazteen 4. Kongresuan parte hartu du, azaroaren 22tik 23ra, Marseillan. "Gazte langile antolatuak eta militanteak, lan eta bizitza duin baten alde" lelopean, Kongresuak kontinente guztietako 29 herrialdetatik etorritako 45 sindikatutako ordezkariak bildu ditu.

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.