2024-11-22
HomeIdazkaritzakMutualitateekiko klientelismoa baztertzeko eta publifikazioaren aldeko apustua egiteko ordua da

Mutualitateekiko klientelismoa baztertzeko eta publifikazioaren aldeko apustua egiteko ordua da

Joan den ostiralean Gasteizko Legebiltzarrean zein Iruñeko Parlamentuan eztabaida berdina gauzatu zen, EH Bilduk Osasun Sistema Publikoa mutualitateen mesedetan pribatizatzearen aurka aurkeztutako mozioetan. Bertan EAJren zein PSEren kontraesanak azaleratu ziren; izan ere, Gasteizen eta Iruñean guztiz aurkako norabidean bozkatu zuten.

Joan den martxoan LABetik salatu genuen AMAT estatuko mutualitateen asoziazioaren eta Gizarte Segurantzaren artean bideorri bat legokeela, txosten batean jasoa, osasun sistema publikoaren pribatizazioan pauso erraldoiak emateko. Honen aurrean, EAEko gobernua sustengatzen duten bi alderdiek Osakidetzaren izaera publikoa babestu beharrean, begibistan dagoen pribatizazio prozesua ukatu dute. Egunez egun, ikusten da osasun sistema publikoaren gainbehera dagoeneko herritarren kezka nagusien artean dagoela. Urkullu lehendakariak zerbitzu publikoak indartzearen alde egiten duela esan du berriki, baina hitzak ez ezik, ekintzak behar dira. Hala, publikoaren aldeko apustu hori benetakoa izango balitz, balizko pribatizazio berri baten aurrean ezezko borondate argia adieraztea besterik ez zeukaten. Bada, ez zuten halakorik egin. Aldiz, Nafarroako Parlamentuan, bai Geroa Baik eta bai PSNk pribatizazio itun horren aurka bozkatu dute.

Bestalde, LABentzako pozgarria da argitara eman genuen filtrazioaren ondorioz EAEn eta Nafarroan akordio horren ildo nagusiak geldiarazteko gai izan garela. Alabaina, adierazgarria da Urkulluren gobernua sustengatzen duten EAJ eta PSE urduri eta oldarkor ikustea gaia jorratzean; izan ere, EAJren gobernuak filtratutako dokumentu horren 10. puntua abian ipini du eta Osakidetzak mutualitateei historia klinikoak emateko aukera baliatu du. Ez da kasualitatea neurri horren onuradun bakarra Mutualia izatea, EAJren inguruko enpresa asoziazioa. Negozioa eta klientelismoa berriro gailendu dira eta PSE, EAJren makulu gisa jokatzen ari da beste behin ere.

Hala, Osasun Sistema Publiko osasuntsu bat izatearen garrantzian berresten gara. Horretarako greba eta mobilizazioak babesten jarraituko dugu, izan intersindikalen bidez deitzen direnak edo herritar plataformen ekimenez antolatuak. Eta bide horretan, mutualitateen mehatxuaren aurrean, horiek publifikatzea beste irtenbiderik ez dago. Azpimarratzekoa da publifikazio hori aurrera eramateko badela bide juridiko argia, eta alderdi politikoei hori gauzatzeko dei egiten diegu, mutualitateak egun sistema publikoaren arerio nagusia baitira.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.