2024-12-19
HomeEkintza SindikalaDiru publikotik 960.000€ inguru banatuko dira Hego Euskal Herrian bake soziala erosteko

Diru publikotik 960.000€ inguru banatuko dira Hego Euskal Herrian bake soziala erosteko

Gaur Osalanen Kontseilu Nagusian parte hartu du LABek, eta bertan adierazi da Estatuko Prebentziorako Fundazioak EAEn ere bere finantzaketa lerroa garatuko duela, kasu honetan Osalanen bidez 560.000€-ko diru funtsa abian ipiniz. Joan den ekainean Nafarroan egin bezala, LAB sindikatuak klientelismo-jokabide hori salatu du eta argi adierazi du ez duela banaketa horretan parte hartuko.

Gogoratu beharrekoa da Nafarroako Gobernuko Enpresa Politikako, Nazioarteko Proiekzioko eta Laneko zuzendari nagusi Izaskun Goñik bilera bat deitu zuela joan den ekainean, Lan Arriskuen Prebentziorako Estatuko Fundazioaren kargura 2023. urterako Nafarroari esleitutako funtsen kudeaketa antolatze aldera (partida 400.814,41 eurokoa da). Bada, agerian geratu zen UGT eta CCOO parte izan direla aipatutako diru-kopurua kobratzea eta banatzea bermatzen dieten pleguen prestaketan. Funtzionamendu klientelar horren aurrean, LABek langileriaren osasuna defendatzea eskatzen du.

Azken urteotan banaketa horiek blokeatuta egon dira Kontuen Auzitegiak hautemandako irregulartasunen ondorioz, eta 2008tik 2013ra bitarteko deialdiak bide judizialetik baliogabetu izan dira. Estatuko Fundazioak berak sistema aldatu zuen, eta Osalanen Kontseilua eta Nafarroako Lan Osasunaren Kontseilua parte hartzetik kanpo utzi zituen. Ondoren, Kontuen Auzitegiak berak ondorioztatu du finantzaketa-sistema horretan funtsak aldez aurretik CEOEren, UGTren eta CCOOren artean banatzen direla, erakunde horiek epaile izan direla eta emandako laguntzen banaketan parte hartu dutela, eta kasu askotan zalantzan jar daitekeela jasotako funtsak ekintzak gauzatzeko erabili izana.

Estatuko indar sindikalen eta patronalaren aurkako epaiz betetako bide luzearen ondoren, 2022ko irailean, LAPLren V. xedapen gehigarria aldatu egin zen, funtsen kudeaketa Espainiako Lan Ministerioaren gain utzi zelarik. Hala, autonomia-erkidegoei kendu egin diete kanpaina bakoitzaren jarduera-ildoak zehazteko gaitasuna. Aldatu berri den xedapen horrek Madrilen zentralizatzen du ekitaldi bakoitzaren oinarriak diseinatzeko eta argitaratzeko ahalmena, eta beste behin ere Hego Euskal Herriko (EAEko eta Nafarroako) administrazioen kudeaketa-gaitasuna izapide hutsean uzten du. Bestela esanda, lege-aldaketa bat egin dute, lehen modu irregularrean egiten zutena egiten jarraitzeko, eta orain segurtasun juridiko handiagoa eman diote.

Uztailean LABek salatu zuen moduan, Nafarroako prozesuan behintzat UGTko eta CCOOko ordezkariek irizpide argiak zekartzaten idazkietan, zeintzuetan lotsagabe esaten baitzioten Nafarroako Gobernuari nola interpretatu behar zituen oraindik argitaratu ez ziren pleguak. Beste behin ere, jarduteko modu guztiz desegokia: erakunde horiek Fundazioaren funtsen kudeaketan epaile eta parte izan nahi dute, beren beharrak eta interesak asetzeko.

LAB ez da banaketa horretan sartuko. Ez du onartuko funts horiek interes korporatiboekin banatzea UGT eta CCOO sindikatuen eta patronalaren artean. Hori irmoki salatzeaz gain, LABek gai honetan esku hartuko du, eta presio egingo du, ekimen berrien bidez, erabaki eta politika berriak behartzeko. Gerta daitezkeen irregulartasunak gertutik jarraitu eta fiskalizatuko ditu, Aholkularitza Juridikoa jada lantzen ari den bide judiziala baztertu gabe. UGTk eta CCOOk beren pribilegioetan aurrera egiten saiatzeko edozein hutsune aprobetxatzeko estrategiaren aurrean, LABek ez du inolako tarterik utziko.

Nafarroako eta EAEko gobernuek bi aukera dituzte: UGTren, CCOOren eta patronalaren funtzionamendu klientelarra onartzea, zeinak gehiengo soziala kaltetzen baitu interes korporatiboen alde; edo LABek defendatzen duen langile klasearen aldeko alternatiba defendatzea: lan-baldintzak eta langileen eskubideak hobetzearen alde,lan-osasunaren publifikazioa aldarrikatuz (bai prebentzioarena, bai osasun-laguntzarena) eta, egungo esternalizazioaren aurrean, prebentzioa enpresen kudeaketan integratzea defendatuz. Hala, funts horiek kudeaketa publikorako izan daitezen erreklamatuko du, Osalan eta Nafarroako Osasun Publiko eta Laboraleko Institutua indartzeko (NOPLOI) bestelako aurrekontu-lerroak erabilita. Amaitzeko, Nafarroan lan ikuskapen propioa eskatzen du LABek.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk EITB bere alderdi interesen mesedetan erabiltzeko duen asmoa salatu nahi dugu

LABek gogor salatu nahi du EAJk, beste behin ere, EITB bere alderdi interesetarako erabiltzeko erakutsitako asmoa, eta, oraingoan gainera, batere lotsarik gabe eta inpunitate osoz, publikoki adierazi izana.

B&B Trends-ena da Gasteizko SDA Factory-ren itxieraren errua

Zuzendaritzak SDA Factory ixteko erabakia hartu du, lehengo Gasteizko BSH. Ia 50 urtetako historia duen enpresa honek Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientean (ABEEE) pasatu ditu azken lau urteak.

Asteasuko Siemens Gamesako ABEEEaren eragina murriztu eta enplegua defendatzeko neurriak lortu ditugu

Hasteko, salatu nahi dugu enpresak negoziaketa talde mailan egin nahi izan duela, Asteasuko langileen ordezkaritza disolbatua eta eragin mugatuarekin zeogoen mahai negoziatzaile bat inposatuz. ABEEE luze eta gogorra nahi zuen enpresak langileentzat eta egoera honen aurrean, markoaren salaketaz gain, neurriaren eragina ahalik eta gehien murrizten saiatu da LAB.