2024-12-19
HomeEkintza SindikalaBihar itxiko dute Elorritxueta-Viveroko adingabeen zentroa, 19 langile kaleratuta

Bihar itxiko dute Elorritxueta-Viveroko adingabeen zentroa, 19 langile kaleratuta

Galdakaoko zentroko langileek elkarretaratzea egin dute itxieraren bezperan Bizkaiko Foru Jauregiaren aurrean, instituzio horrek Landalan-Emankor enpresa esleipendunarekin batera afera honetan izan duen ardura azpimarratzeko asmoz. Gizarte hezitzaileen lana eta aldundiak kudeatzen duen zerbitzua bera duintzea premiazkoa dela nabarmendu dute.

Bihar, irailak 30, Galdakaon kokatutako Elorritxueta-Viveroko adingabeen zentroaren behin betiko itxiera gertatuko da, eta horrekin batera, 19 langile kaleratuko dituzte.

2022ko azaroaren amaieran, Landalan enpresak, Bizkaiko Foru Aldundiaren esleipendun izan denak Elorritxueta-Viveroko zentroa kudeatzeko, Gizarte Ekintza Sailari gutuna helarazi zion, zerbitzu horri amaiera emateko nahia adieraziz. Bada, orduan hasi zen prozesu luze eta mingarria, bihar plantillaren gehiengoaren kaleratzearekin amaituko dena. Irtenbide egoki bat bilatze aldera, langileen ordezkariak hainbatetan bildu dira orain arte Gizarte Ekintzako sailburu izan den Sergio Murillorekin, Landalanekin nahiz Agintzari Kooperatibarekin (langile guztiak subrogatu beharko lituzkeenarekin), baina azkenik ez dute lortu.

Langileek nabarmendu dutenez, gainera, zerbitzuaren zein lanaren baldintza eskasak lehenagotik zetozen, eta Bizkaiko Foru Aldundiak arazoen berri bazuen ere, sekula ere ez du horientzako konponbide eraginkorra bilatzeko benetako apusturik egin. Adingabeen kopuru gehiegizkoak (batzuetan baimendutakoa bost bider gainditzen zutenak), errespetatzen ez ziren ratioak eta beste hainbat oztopo pairatu behar izan dituzte zentro horretan. Horrek guztiak, noski, giroa kaltetzen zuen erabiltzaile nahiz langileen artean, lan-osasunari ere eragiten ziolarik. Kontrola gailentzen zitzaion babesari, eta asistentzialismoa gizarte-heziketako jardunari.

Hala eta guztiz ere, nabarmentzekoa da erabiltzaileen gehiengoak arraskataz egin ahal izan duela aurrera, estigmak estigma eta trabak traba, hein batean bertako langileen borondate onagatik. Beraz, beharrezko ikusten dute sektore horretan diharduten langileen nahiz adituen iritziak kontuan hartzea gizarte politikak lantzean.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk EITB bere alderdi interesen mesedetan erabiltzeko duen asmoa salatu nahi dugu

LABek gogor salatu nahi du EAJk, beste behin ere, EITB bere alderdi interesetarako erabiltzeko erakutsitako asmoa, eta, oraingoan gainera, batere lotsarik gabe eta inpunitate osoz, publikoki adierazi izana.

B&B Trends-ena da Gasteizko SDA Factory-ren itxieraren errua

Zuzendaritzak SDA Factory ixteko erabakia hartu du, lehengo Gasteizko BSH. Ia 50 urtetako historia duen enpresa honek Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientean (ABEEE) pasatu ditu azken lau urteak.

Asteasuko Siemens Gamesako ABEEEaren eragina murriztu eta enplegua defendatzeko neurriak lortu ditugu

Hasteko, salatu nahi dugu enpresak negoziaketa talde mailan egin nahi izan duela, Asteasuko langileen ordezkaritza disolbatua eta eragin mugatuarekin zeogoen mahai negoziatzaile bat inposatuz. ABEEE luze eta gogorra nahi zuen enpresak langileentzat eta egoera honen aurrean, markoaren salaketaz gain, neurriaren eragina ahalik eta gehien murrizten saiatu da LAB.