2025-04-18
HomeFederazioakZerbitzu PublikoakGasteizko Legebiltzarraren aurrean bildu gara, zerbitzu publikoen defentsan

Gasteizko Legebiltzarraren aurrean bildu gara, zerbitzu publikoen defentsan

Aurrekontuen eztabaida honetan, zerbitzu publikoen defentsarako izpirik sumatzen ez dugula salatu dugu gaur Gasteizen. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak ez du zerbitzu publikoen aldeko inbertsiorik egiten, ez dio zerbitzu publikoen ahultze zikloari amaiera eman. Guretzat oso kezkagarria da gobernuak erakutsi duen jarrera.

Urtarrilaren 19ean izandako Mahai Orokorraren saioan, LABek eskaera zuzenak luzatu zizkion gobernuari, batez ere murrizketen garaia amaitu eta kendutako eskubideak berreskuratzearekin zerikusia dutena, eta nola ez enpleguaren gaiarekin negoziazio dinamika abiaraztea, Europako epaiek ezartzen dituzten irizpideak kontutan hartuta. Gure ustez ezinbestekoa da zerbitzu publikoetan lan egiten duten pertsonen lan baldintzak kontutan hartzea, zerbitzuaren kalitatearen aldeko apustua egin nahi bada.

Eusko Jaurlaritzak kontrako bidean aurkeztu ditu aurrekontuak. Zerbitzu publikoetan dagoen benetako egoera ez du ikusi nahi:

-Zerbitzu publikoetako langileak lanera gaixo doaz
-Langileen herena baino gehiago behin-behinekotasunean dago
-Kontratazio sistema iruzurrean egiten da
-Zerbitzu publikoetako langileak ez dira ordezkatzen
-Zerbitzu publikoen eros ahalmenaren galeraren kontura ordaintzen du bankuekin daukan zorra
-Zerbitzuak pribatizatzen jarraitzen dira, diru publikoa esku pribatuetan utziz 

Gobernuaren apustua beste bat da; Espainiar estatuak ezartzen duen joko arauen araberako aurrekontu bat osatu, gutxi batzuen interes ekonomikoak kontutan hartzen dituena eta zerbitzu publikoen garapena alboratzen duena.

Aurrekontuetan ikusi ahal izan dugu zein den gobernuaren jarrera, hortik aurrera dena propaganda hutsa da. Ezin diogu onartu Urkullu lehendakariari azken egunetan bota dituenak botatzea. Non daude 9000 lanpostu horiek gaur eztabaidatzen ari diren aurrekontuetan? LABk zuzenean esan dio Jaurlaritzari enplegu plan bat adostu behar dugula, ez du inongo borondaterik izan negoziaziorako, ez enplegu gaietarako ezta murrizketak bertan behera uzteko ere. Eusko Jaurlaritza antzerkigintzan jarraitzen du, eta Lehendakaria eszenatokira jauzi egitea erabaki du.

Lotsagarria da pasa den astean greba egin zuten langile guztiei prentsaren bidez haizeak eramango dituen hitzen bidez erantzutea. Iritzi publikora bideratutako hitzak baino gehiago behar dira zerbitzu publikoak defendatzeko; diru gehiago lanpostuak egonkortu eta sortzeko eta lan baldintzak hobetzeko eta gutxiago banketxe eta enpresa kuttunei banatzeko.

Lehendakariari beraz dei egiten diogu Mahai Orokorraren bilera deitu dezan, langile publikoen egoeraz hitz egin nahi badu hori baita hitz goxoak botatzeko foroa. Dei egiten diogu aurrekontuan behar diren aldaketak egin ditzan, esan duen guztiaren izpirik jasotzen ez dituelako alegia.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enviserreko langileek greba gogortu dute, protestaren hirugarren astean

Hiriko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzeko Gasteizko Udalaren kontrata den Enviser enpresako langileek hiru aste bete dituzte greban. Baldintza duinak jasoko dituen hitzarmen propio bat lortzea da beren helburua. Hainbat langilek Gasteizko udaletxearen aurrean pasa dute gaua, azken honen inplikazioa eskatzeko.

LABek ontzat jo du Iruñeko Udalaren eta alokairuzko bizikleten enpresaren artean sinaturiko akordioari esker langileei zor zitzaizkien soldatak ordaintzea

LAB sindikatuak duela bi aste salatu zuen Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian zeudela, sei hilabete baitzeramatzaten nominak berandu kobratzen eta, gainera, enpresak bi nomina oso zor baitzizkien. Iruñeko Udalak eta Ride On-ek gaur iragarri duten akordioaren arabera badirudi zerbitzuaren jarraipena bermatuko dutela eta enpresak berehala kitatuko dituela langileekin dituen zorrak.

LABek salatzen du milaka gutun banatu gabe daudela Gasteizen Correoseko langile faltagatik

Langilerik ez kontratatzearen ondorioz, kaosa sortu da azken hilabeteetan posta-banaketan, eta inoiz ikusi gabeko egoetara iristen ari da. Kontratazioan murrizketa hain handia da, kasu askotan ez dela inor ordezkatzen ari. Adibidez, Alde Zaharreko postariak urte erdi baino gehiago darama bajan, ordezkatu gabe.