2024-11-22
HomeEkintza SindikalaHala moduz itxitako hitzarmen baten ondorioak pairatzen jarraitzen dute Bizkaiko eraikuntzako beharginek

Hala moduz itxitako hitzarmen baten ondorioak pairatzen jarraitzen dute Bizkaiko eraikuntzako beharginek

Bere garaian CCOOk eta UGTk babestutako akordioak ez zituen zehazten aurten eta datorren urtean aplikatu beharreko soldata-igoerak, eta, beraz, une honetan horiek berriro negoziatzen ari da sektorea; gainera, patronalak igoera horien bidez hurrengo hitzarmena baldintzatu nahi du.

Gaur, 2023ko irailaren 26an, Lan Harremanen Kontseiluan, indarrean dagoen Bizkaiko 2021-2024ko Eraikuntzako Hitzarmen Kolektiboaren baldintza ekonomikoei heltzeko 4. negoziazio-bilera egin da.

Gogoratu behar da Bizkaiko eraikuntzan indarrean dagoen hitzarmena 2023–2024. urteetarako soldata-igoerak zehaztu gabe sinatu zela. LABek une horretan salatu zuen bezala, CCOOk eta UGTk akordio baten alde egin zuten. Akordio horretan, eraikuntzaren sektoreko lan baldintzak behar bezala ez arautzeaz gain, indarraldiaren erdirako soldatak ez ziren zehazten.

2023ko azken hiruhilekoan, eraikuntzaren sektoreko langileek soldata-igoerarik gabe jarraitzen dute. Hori guztia, inflazioaren ondorioak langileriaren bizi-baldintzak gogor kolpatzen ari diren une honetan, eta, gainera, eraikuntza sektoreko koiunturari buruzko txostenek isaltzen dutenean enpresen etekinak areagotu egin direla. Produkzio-kostuen igoerak bezeroen bizkar uzten ari diren bitartean, sektoreko langileen pobretzea inposatzen dute, soldaten eros-ahalmena bermatzen ez dutelako.

CCOO sindikatuak, berak sustatutako gaurko saioan, 2023–2025. urteetarako desblokeorako proposamen bat aurkeztu du. Hau da, CCOOk hitzarmen kolektiboaren indarralditik harago joatea proposatu du.

Patronalak CCOOk proposatutako eskema onartu du, eta hiru urterako soldata-igoeren kontraproposamen bat aurkeztu du. Kontraproposamen horretan 2025. urtea ere jasotzen da, eta 2024. eta 2025. urteetarako igoeretarako topeak ezartzen ditu, urte horietarako benetako KPIa gorabehera. Gainera, sektorerako pentsio plan pribatu bat ezartzeko apustuari eusten dio.

Gaizki hasten dena gaizki bukatzen da. Langileen erosteko ahalmena ez bermatzeaz gain, proposamen hori adosteak negoziazio kolektiboaren metodologia aldatzea ekarriko luke. 2025. urterako soldata-igoerari buruzko akordioak esan nahi du aldez aurretik adostu behar dela hurrengo hitzarmenaren funtsezko zati bat. Bada, horrek eragin negatiboa izango luke sektoreko negoziazio kolektiboan, zaildu egingo lukeelako langileei ezartzen zaizkien prekaritate-faktore guzti-guztiei heldu eta horiek ezabatzea.

Beste behin ere halamoduz itxi nahi da eztabaida, konpromisorik gabe eta Bizkaiko eraikuntzaren sektorearen prekaritateari konponbiderik eman gabe.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.