2024-11-21
HomeEkintza SindikalaZerbitzu Publikoetan urriaren 25erako eta abenduaren 19rako deituriko grebaren eta azaroaren 30eko...

Zerbitzu Publikoetan urriaren 25erako eta abenduaren 19rako deituriko grebaren eta azaroaren 30eko Greba Feministaren alde jarriko ditu LABek bere indarrak

STEILAS, ELAk eta CCOOk Hezkuntza Publikoan urriaren 24rako deituriko greba ez dugu babestuko

Irailaren 15ean zerbitzu publikoetako ia sindikatu guztiok, funtzio publiko osoan bi egunetarako greba deialdia egin genuen. Batasuna, indarra eta elkarlanerako borondatea erakusten dituen irudia izan zen.

Gaur STEILAS, ELAk eta CCOOek EAEko hezkuntza publiko ez-unibertsitarioan deituriko grebak bestelako argazkia utzi digu. Zatiketaren irudia dira. Sindikatu hauen deialdiarekin, hezkuntza publikoko langileei greba egun bat gehiago egitea planteatu zaie.

Azken urteetan, Jaurlaritzak ez du behar bezalako apusturik egin zerbitzu publikoetan, murrizketak izan dira eta zerbitzuok ahulduz joan dira. Langileen eros-ahalmena bermatzeko eta sektore publikoan hedatzen joan den prekaritatea eta ezegonkortasuna mugatzeko ez da borondate politikorik egon. Akordioa eta adostasuna hitzetik hortzera darabilen Jaurlaritza, negoziazio kolektiboa ukatu duen Jaurlaritza izan da.

Eremuz eremuz ere, hezkuntzan, osasungintzan, zaintzarekin negozio egiten den zerbitzu pribatizatuetan, irrati publikoan… hainbat izan dira greba eta mobilizazioak, eta irailaren 15ean deituriko bi grebek argi uzten dute badirela oraindik ere bideratu gabeko hainbat aldarrikapen. Aldarrikapen batzuk, soldata igoera izanik horietan aipagarriena, Mahai Orokorrean adostu behar dira, eta beste batzuk dagokien Mahai sektorialean.

Hezkuntza publikoko langileok, Publikoa, euskalduna eta propioa. Hezkuntza Legea langileokin eraiki lelopean deituriko bi greba egunei esker, Hezkuntza Saila konpromisoak hartzera eta adostasunak lortzera behartu genuen. Konpromiso horiek, orain, mahai sektorialetan garatu eta gauzatu behar dira.

Hiru sindikatu hauen greba deialdiaren aldarrikapen gehienak orokorrak dira eta urriaren 25 eta azaroaren 19ko aldarrikapenetan txertatuta daude. Hor dago hezkuntza publikoko langileen borroka, sektore publikoko beste langileekin batera. Deialdi hauek indartzea da, LABen ustez, egin beharreko bidea; hezkuntza publikoko langile zein sindikatu guztien indarra sektore publikoko langile zein sindikatu guztien indarrarekin batzea, hezkuntzako zein sektore publiko osoko langileak pairatzen ari garen egoerari aurre egiteko.

EAEko Funtzio Publiko osoko greba eta mobilizazioak adosteko sindikatuen artean izan ditugun intersindikalean ez zuten adierazi hezkuntza publiko ez-unibertsitarioan beste greba egun gehigarri bat deitzeko asmorik zutenik; gerora landu duten deialdia izan da. LABekin adostasunak bilatzeko hasierako borondaterik ez dute izan eta LAB bazterrean uzten saiatu dira. Hezkuntza publiko ez unibertsitarioan beste greba egun bat gehiago deitzeko asmoa zutela jakin genuen momentutik, saiatu gara elkarlanaren alde egiten. Beste sindikatuei adostasuna bilatzeko proposamen zehatza egin diegu. Ez dute aintzat hartu eta LAB gabe aurrera jarraitzea erabaki dute.

Beste sindikatuei, hemendik eta urtarrilera bitarte, Funtzio Publiko osoan deituriko bi greba egun horiek zein Azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorra landu eta aurrera ateratzeko elkarrekin indar egitera dei egin diegu. Funtzio Publiko osoan deituriko grebak lantzeko eta hezkuntzako aldarrikapen zehatzei tartea egiteko ikastetxeetan langile guztien arteko mobilizazio deialdiak egitea ere proposatu diegu. Bestalde, sindikatu honek Hezkuntza Sailarekin lorturiko Akordio Laborala elkarlanean osatu eta garatzeko eskua luzatu diegu. Orain da momentua, akordio horretan jasotako konpromisoak dagokion negoziazio mahai sektorialean zehaztasunetara eramateko. Negoziazio bide horrek emaitzarik emango ez balu eta behin Funtzio Publiko osoko bi greba egunak eta Azaroaren 30a pasa ondoren, greba eta mobilizazio berriak adosteko prestutasuna ere adierazi diegu.

LABen elkarlanari garrantzia ematen diogu. Saiatu gara batasunean aritzeko proposamen konkretua egiten. Aldiz, beste hiru sindikatuek zatiketa lehenetsi dute. LABetik argi dugu funtzio publiko osoko greba egunaren aurretik eginiko deialdi berri honek zerbitzu publikoetarako lorturiko adostasuna, batasuna eta grebaren indarra ahuldu ditzakeela, eta arduraz jokatzea erabaki dugu. Elkarlanerako borondate faltak langileok ahultzen gaitu eta gu beti saiatuko gara egoera horiek gainditzen. Beste sindikatuen aldetik ez dugu horretarako borondaterik topatu.

Amaitzeko, berretsi nahi dugu gure apustua argia dela: gure indarrak Hezkuntzako Akordio Laboralaren garapenean, funtzio publiko osoan deituriko bi greba egunetan eta Azaroko Greba Feminista Orokorrean zentratuko ditugu.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.

Gizarte Segurantza propioa eskatu dugu, langileen osasuna kontrol eta presioaren gainetik jartzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, INSS Gizarte Segurantzaren Espainiako institutuaren bulegoen ondoan, kapitalak langileriari egiten dion kontrol eta presioaren gainetik osasuna eta prebentzioa jar daitezela aldarrikatzeko. LABek Gizarte Segurantza propioa eskatzen du, nafar langileen beharrak benetan erdigunean paratuko dituena.