2024-11-25
HomeEkintza SindikalaIruña Okako Udalak hiru kirol begiraleren lanaldia aurreabisurik gabe murriztu du, edozein...

Iruña Okako Udalak hiru kirol begiraleren lanaldia aurreabisurik gabe murriztu du, edozein enpresa pribaturen estiloan

Irailaren hasieran, Iruña Okako Arrate Kirol Zentroko hiru kirol begiralekudalaren gutun labur bat jaso zuten, arrazoiei buruzko inolako azalpenik eman gabe haien lanaldia murrizteko erabakiaren berri emanez.

Joan den martxora arte azpikontratatuta egon zen zerbitzua udala zuzenean kudeatzera pasa zen, eta, beraz, langile horiek Iruña Okako Udaleko plantillakoak izatera igaro ziren.

Udalak langileen lan-baldintzen funtsezko aldaketa aplikatu du, beren lanaldia erdira murriztuz, eta, ondorioz, haien soldata proportzionalki txikituz.

LAB sindikatutik Iruña Okako Udalak aplikatutako neurria eta erabilitako moduak salatu nahi ditugu; alde batetik, lanaldien murrizketa handi horrek langileei eragiten dien kaltea, haien jarraitutasuna kolokan uzten duelarik. Eta, bestalde, guztiz lotsagarria da administrazio publiko honen jokabidea, plantillak dituen eskubideekiko sentsibilitate handiagoa eskatzen diolarik; gobernu-taldeak, bere alkate “sozialista” buru duela, edozein enpresa pribatuk egin ohi duen bezala jokatu du: aldez aurretik elkarrizketarik edo kontsultarik egin gabe, lan-baldintzen murrizketa zorrotza egun batetik bestera jakinarazi die langileei.

Azken osoko bilkuran Michel Montes alkatea interpelatua izan zen. Hala ere, konponbideak bilatu beharrean, neurria defendatu zuen edozein enpresaburuk eman zitzakeen argudio berberekin; murrizketaz aritu beharrean, zerbitzuaren “optimizazioaz” hitz egin zuen, zerbitzuaren eta instalazioaren kudeaketa kaxkarrean berak duen erantzukizuna alde batera utzi zuelarik.

Guztiz gaitzesgarria da udalbatzak langile horiekiko erakutsitako jarrera. Langile horiek, baina, ez dira besoak gurutzatuta geratuko, eta beren lanpostuak defendatzeko erabaki irmoa hartu dute. LAB sindikatutik elkarrizketarako deia egin nahi dugu, ezarri direnen moduko neurri traumatikoak ekidite aldera.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.