2025-04-17
HomeLAB Sindikatua9. Biltzar NagusiaAinhoa Etxaide: "Estatu bat nahi dugu, ahalik eta gaitasun gehien emango digun...

Ainhoa Etxaide: “Estatu bat nahi dugu, ahalik eta gaitasun gehien emango digun estatus politiko bat”

LABen hitzaldi zikloa Bilbora iritsi da ostegunean, Ainhoa Etxaideren solasaldiarekin. Burujabetza, aliantzak, langileen borroka, feminismoa… gai asko izan ditu hizpide sindikatuko idazkari nagusiak, Hika Ateneoan egindako ekitaldian. Elkarrizketa Ekhiñe Atorrasagsti eta Maite Asensio kazetariek gidatu dute, eta gogoeta mamitsuak utzi ditu. Biltzar Nagusiaren atarian gauden honetan, Etxaidek nabarmendu du LABen erronka nagusienetako bat burujabetza prozesuari bultzada ematea dela.

“LABek etorkizuna du, gure ibilbidea egiteko gaitasuna dugu elkarlanen beharrik gabe, baina benetan burujabetza prozesu bat abian jarri nahi badugu, patronalari gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea kendu nahi badiogu, herri berri bat eraikitzeko benetako eragilea izan nahi badugu, elkarlana beharrezkoa dugu. Aliantzarik gabe ez da egoera iraultzeko aukerarik egongo”.

Ainhoa Etxaideren hitzak dira hauek, aliantzei buruzko galderari erantzuteko unean esandakoak. Hain zuzen ere, burujabetza prozesua azkartzea da LABen erronketako bat, bizi eta lan baldintzak hobetzeko bidean, eta ELArekin eta helburu hori duten eragileen arteko elkarlana abian dela nabarmendu du; joan den ostiralean Gasteizen egindako ekitaldia adibide, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta ardatz.

Estatus politikoaren eztabaida irekita dagoela berretsi du LABeko idazkari nagusiak: “Estatus politiko berri batera goazela begibistakoa da, hori ezin da ekidin. Momentu historiko honetan, subiranistek zer egingo duten da gakoa. Estatus politiko berri bat definituko da datozen hilabeteetan. EAJk zer egin nahi duen ikusten ari gara: eztabaida guztia Legebiltzarrera mugatzen ari da, bere neurrira egiteko, Euskal Herriaren neurrira egin beharrean. Guk gure helburuak finkatu ditugu: Estatu bat nahi dugu, ahalik eta gaitasun gehien emango digun estatus politiko bat. Horretara goaz. Nola lortuko dugu hori? Estatus hori EAJrekin adostuz? Ez. Horrek esan nahi du herri honetan ezin dela herri akordiorik egin? Lortu daiteke, baina behartu egiten badiegu”, azaldu du.

Confebaskek klase proiektu bat inposatu duela salatu du, herri proiektu bat edukitzea inoiz baino garrantzitsuagoa denean. “Confebaski herri proiektu indartsu batekin egin behar zaio aurre, eta herri proiektu hori ezin da oinarritu Confebaskek berak defendatzen dituen interesetan. Eta EAJk interes horiek berak defendatzen ditu”, zehaztu du.

Hainbat gai jorratu ditu Etxaidek, idazkari nagusi gisa ia hamarkada bat bete duenean. Urte horietan krisi ekonomikoak eta erreformek gogorki kolpatu dute euskal langileria, eta euskal sindikalgintzaren aurkako enbata ere ez da nolanahikoa izan. Etxaideren gidaritzapean, ekaitz horri aurre egin dio LABek, eta ez hori bakarrik, garai berri bat irekitzeko oinarriak ezarri ditu, datorrena gure garaia, langileon garaia, izan dadin. Etxaidek lekukoa pasako du 9. Biltzar Nagusian, etxeko lanak eginda. Bilboko solasaldiak agur kutsua izan du horrexegatik. Facebook-en ikus daiteke elkarrizketa bere osotasunean.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enviserreko langileek greba gogortu dute, protestaren hirugarren astean

Hiriko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzeko Gasteizko Udalaren kontrata den Enviser enpresako langileek hiru aste bete dituzte greban. Baldintza duinak jasoko dituen hitzarmen propio bat lortzea da beren helburua. Hainbat langilek Gasteizko udaletxearen aurrean pasa dute gaua, azken honen inplikazioa eskatzeko.

LABek ontzat jo du Iruñeko Udalaren eta alokairuzko bizikleten enpresaren artean sinaturiko akordioari esker langileei zor zitzaizkien soldatak ordaintzea

LAB sindikatuak duela bi aste salatu zuen Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian zeudela, sei hilabete baitzeramatzaten nominak berandu kobratzen eta, gainera, enpresak bi nomina oso zor baitzizkien. Iruñeko Udalak eta Ride On-ek gaur iragarri duten akordioaren arabera badirudi zerbitzuaren jarraipena bermatuko dutela eta enpresak berehala kitatuko dituela langileekin dituen zorrak.

LABek salatzen du milaka gutun banatu gabe daudela Gasteizen Correoseko langile faltagatik

Langilerik ez kontratatzearen ondorioz, kaosa sortu da azken hilabeteetan posta-banaketan, eta inoiz ikusi gabeko egoetara iristen ari da. Kontratazioan murrizketa hain handia da, kasu askotan ez dela inor ordezkatzen ari. Adibidez, Alde Zaharreko postariak urte erdi baino gehiago darama bajan, ordezkatu gabe.