2024-11-22
HomeEkintza SindikalaEHUren prekarizazioa salatu eta ordezkoentzako baldintza duinak eskatu ditugu

EHUren prekarizazioa salatu eta ordezkoentzako baldintza duinak eskatu ditugu

Ikasturte hasierako ekitaldiaren egunean elkarretaratzea egin dugu Arabako Letren Fakultatearen aurrean, 180 langile inguru bertaratu garelarik. Aldebakarrez erabakitako ordezko irakasleen politika berriak are murrizketa gehiago dakartzanez, aurrerantzean ere mobilizazioekin jarraitzeko asmo irmoa agertu dugu.

2023/2024 ikasturtearen zabaltze ekitaldian, ohi bezala, agintariek unibertsitate publikoaren alde egindakoak azpimarratuko dituzte, dena ondo bidean dagoelakoan edo.

Baina ez da horrela, EHUko langile guztien lan-baldintzen prekarizazioa geroz eta larriagoa da; ezin ditugu ahaztu azken ikasturteetan eman diren murrizketa eta aldebakarreko erabakiak, erretiro akordioa bertan behera uztea edo kanpusen itxiera kasu. Unibertsitate publikoak duen finantziaketa falta da langileen eskubideen gainbeheraren arrazoi nagusia.

Azken ikasturteetan salatu ditugun aldebakarreko erabakiei, beste murrizketa bat gehitu behar zaio. Ikasturte bukaeratik EHUko zuzendaritzak ordezko kontratuen egoera larritzen ari da Irakasle-Ikertzaileen arloan. Izan ere, USLOren (Unibertsitate sistemaren Lege Organikoa) ezarpena UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileen lan baldintzak okertzea ekarri du. Ordezkoen egoera jada gogorra bazen ere, orain gehiago okertu dute ordezko irakasle politika berriarekin.

Hartara, UPV/EHUk erabaki du arduraldi osoko irakasle-ikertzaileen ordezkoak lanaldi partzialekoak izango direla nahiz eta irakasle-ikertzaileen lan-hitzarmenak eta 41/2008 dekretuak arduraldi osokoak izan daitezela ahalbidetzen duten. Beraz, arduraldi osoko irakasle-ikertzaileen ordezko berriei askoz jota soldata osoaren % 34,29 ordainduko zaie (kasurik onenean, hau da, beraien irakaskuntza zama % 75ekoa denean) eta gizarte segurantzan proportzio berdinean kotizatuko dute, plaza hutsak betetzen dituzten irakasleak salbu. Beraz, ordezkoen urteko soldata gordina 7.584 € eta 11.360 € artean egongo da, astean emandako klase kopuruaren arabera. UPV/EHUko zuzendaritza pasa den ikasturte bukaeran hasi da gurasotasun baimen zein bajen ordezkapenak era horretan egiten. Are gehiago, sailetatik jaso ditugun kexengatik, ordezkapen asko ari dira ukatzen behar argia dagoenean.

Jokabide hau guztiz onartezina da eta gure indar guztiarekin aurre egingo diogu. Areago, uste dugunean badirela irtenbideak berme juridikoarekin ordezkapenak osokoak izaten jarraitzeko borondate politiko eta negoziaziorako prestutasuna baino eskatzen ez dutenak.

Ordezkapen politika honek irakasle-ikertzaile GUZTIEN lan-balditzetan eta sailen irakaskuntza ahalmenean izango du eragina, eta gainera lan-hitzarmena eta lanpoltsen akordioa larriki urratzen ditu, zeintzuetan partzialtasuna murrizteko neurriak adostu ziren. Aldaketa honek haserre handia sortu du langileen artean, asteburuan argitaratutako 1.200 irakasle eta ikertzaile baino gehiagok sinatutako gutuna irakurtzea besterik ez dago.

Ordezkapen politika berriak ondorio larriak izango ditu:

  • Lanaldi partzialean jardungo duten irakasleen kopurua handituz, arduraldi osoko irakasle baten herena kobratuz, alegia, soldata 800 €tik beherakoa izango da,
  • Ordeztu eta estali gabeko kreditu kopuruak handituz, irakasle guztion irakaskuntza zama ere gogortuz,
  • Irakaskuntzaren antolaketa lana zailduz Sailei, irakaskuntzaren beraren kalitatearen kontura zenbait kasutan (handituko dira, besteak beste, ikasgai batean hainbat irakasle edukiko dituzten ikasgaiak, irakasleek denborarik gabe prestatu beharko dituzte irakasgaiak, eta gainera askotan, gaian adituak ere ez direnak izango).

Honen atzean EHUk egiten duen Ordezko irudiaren interpretazio hertsia eta mugatua dago, baina baita Eusko Jaurlaritzaren Unibertsitate Publikoa finantzatzeko politika murritza ere, oso urruti dagoena Estatuko Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoak berak agintzen duen ortzimugatik: BPGren %1a, 2030 urterako. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzaren ekarpena % 0,4an dago.

Honen aurrean, LAB, STEILAS, CCOO eta ELA sindikatuok ondorengoa exijitzen dugu:

  1. Lanaldi osoko Irakasle eta Ikertzaileen lanpostu guztien ordezkapen guztiak (baimenak, bajak, nahitaezko eszedentziak, zaintzarekin lotutako eszedentziak…) lanaldi osoko kontratuekin betetzea.
  2. Lanaldi partzialeko kontratu kopurua murriztea, lan-hitzarmenean eta lanpoltsen akordioan kontratu horiek metatzeko lanaldi osokoak sortzeko mekanismoak aplikatuz.
  3. Lanaldi partzialeko kontratuei soldata duina ezartzea klaseen prestakuntza eta zuzenketa lanak, oinarrizko koordinazioa eta kudeaketa, formakuntza eta irakaskuntzari loturiko ikerketa kontuan hartuz.
  4. Eusko Jaurlaritzari, zehazki, eskatzen diogu, eman diezaiola EHUri USLOk ezarritako ordezko irakasleen irudi berria aurreko baldintzen arabera interpretatzeko behar duen babes politiko-juridikoa. Baita, modu esanguratsuan gehitzeko ere EHUri bideratutako finantziazioa langile guztientzako lan baldintza duinak bermatu eta zerbitzu publiko egokia emateko modua izateko. UPV/EHUko zuzendaritzak ere finantzazio gehigarri horren alde publikoki irmoago lan egin beharko lukeela uste dugu.

Horregatik guztiagatik eta baita urtez urte jasan dugun eros ahalmenaren galera eta lan baldintzen okertzea salatzeko (erretiroen hitzarmena bertan behera uztea, zentroen itxierak, ….), ikusita UPV/EHUko zuzendaritzak duen jarrera itxia, LAB, STEILAS, CCOO eta ELA sindikatuok, adierazten dugu mobilizazio dinamika abiatuko dugula, zuzendaritzak negoziatzeko borondate eta planteamendu argirik agertu arte.

Laster plazaratuko dugu mobilizazioen egutegia.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.