2024-11-25
HomeEkintza SindikalaViveroko adingabeen zentroaren itxiera eta 19 langileren kaleratzearen aurrean, greba mugagabeari ekingo...

Viveroko adingabeen zentroaren itxiera eta 19 langileren kaleratzearen aurrean, greba mugagabeari ekingo diote langileek irailaren 12tik aurrera

Galdakaon kokatuta dagoen Vivero adingabeen zentroa Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzua da eta Emankor Taldearen baitan dagoen Landalan enpresak kudeatzen du. Orain dela urtebete inguru, Landalanek zerbitzua emateari utziko ziola adierazi zien langileei eta baita LABeko 4 ordezkarik eta ELAko 1ek osatutako komiteari ere. Ordutik hona, 50 langile izatetik, 19 langile izatera pasatu dira, kaleratzeak egon dira eta lan baldintzak nabarmen kaskartu dira. Orain, zentroa itxi nahi dute eta langileak kaleratu. Honen aurrean, greba mugagabeari ekingo diote langileek.

Landalaneko zuzendaritzarekin zein zerbitzuaren titularra den Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte ekintzako buru izan zen Sergio Murillorekin hainbat bilera egin zituzten sindikatuek, komiteko kideekin batera.

Bilera horietan, Landalanek zerbitzua emateko aukerarik ez zuela ikusten esaten zuen, eta Aldundiarekin zuen hitzarmena bukatzerakoan zerbitzua emateari utziko ziola iragarri zuen. Enpresa berriari subrogaziorako datu guztiak emango zizkiola agindu zuen, hitzarmen kolektiboak adierazten duen bezala, baina hau ez dute bete. Ordutik hona, zerbitzua ematearen hitzarmena hainbatetan luzatu dute, eta langileen lan baldintzak kaskartu dituzte; ratio falta, plaza itunduak baino erabiltzaile gehiago eta abar luzea, hilabetez hilabete langileen lan osasuna jokoan jartzeraino.

Gogoan izan behar da Landalan, urteetan zehar sektoreko hitzarmen kolektiboa errespetatu ez duen enpresa dela eta Bizkaiko Foru Aldundiak, hau guztia jakin arren, beste alde batera begiratu duela.

Egoera zaila zela aurreikusita, ekainean, gaur egun Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte ekintzako burua den Amaia Antxustegi Ziardari eskatu genion bilera bat, baina ez dugu erantzunik jaso. Eta orain, Foru Aldundiak, zentroa itxi eta 19 langile kaleratzea erabaki du.

Bizkaiko Foru Aldundia eta Amaia Antxustegi Ziarda guzti honen erantzule dira, baita Landalan enpresa ere, ia 20 urtez oso lan baldintza gogorretan lanean aritu diren langileak kalean utzi nahi baititu. Errudunak, egoeraren berri izan eta langileei emandako hitza bete ez dutelako, langileei agindu baitzieten zentroa irekita mantenduko zutela. Errudunak, lan zentroa pixkanaka-pixkanaka desegiten ibili baitira. Eta errudunak, langileek zein egoiliarrek salatu duten bizi eta lan egoera kaxkarrak zeintzuk diren urteetan jakin jakin arren beste albo batera begiratu izan dutelako, langileen lan eta bizi proiektuekin jolastuz.

Beste behin ere, argi geratu da publikoak izan beharko liratekeen eta Aldundiaren menpe dauden zerbitzuen pribatizazioak langileen miseria dakarrela. Horregatik, langile zein egoiliarren lan eta bizitza duinen aldeko borrokan, lanpostuen defentsan eta kaleratzeen aurka, mobilizazio zikloa hasiko dute langileak, irailaren 12tik aurrera greba mugagabea deituz. Egun horretan, mobilizazioa egingo dute Bilbon, 11:00etan, Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.