2025-04-18
HomeZerbitzu PribatuakArrantzaZamaketariek borrokan jarraituko dute Euskal Herriko portuen kudeaketa publiko eta propioaren alde

Zamaketariek borrokan jarraituko dute Euskal Herriko portuen kudeaketa publiko eta propioaren alde

Espainiako parlamentuak derogatu egin du gaur, kontrako 175 botorekin eta aldeko 142rekin, PPren gobernuak zamaketarien inguruan prestatutako Errege Dekretua. EAJ eta PP guztiz bakarrik geratu dira Errege Dekretuaren defentsan. Aipatu dekretuak etorkizun iluna ekarriko luke milaka enplegurentzat eta itzelezko prekarizazioa ekarriko luke sortuko liratekeen berrientzat. Hori bai, portuetan diharduten enpresen irabaziak ez dira zalantzan jartzen, eta enpleguaren eta langileen lan baldintzen kontura areagotu nahi dituzte.

Errege Dekretu honen bidez Zamaketa sektoreko milaka langileen kaleratze masiboa bilatzen dute bakarrik, jarduera are baldintza prekario eta kaskarragoetan egin dadin.

Langileria osoa pobretzea nahi dute; oraingoan, langile hauei egokitu zaie tenorea. Erreformaz erreforma, hauen asmo bakarra esku gutxi batzuetan mozkin gehiago pilatzea da, eta aberastasun banaketa handiagoa egiten den lekuetan, legeak egiten dituzte hau suntsitzeko.

PPren gobernuak, EAJren laguntzarekin, sektore oso baten kaleratzea legeztatu nahi zuen, Enplegu Espediente Erregularziorik gabe, galdetzeko eperik gabe, eta kalte-ordainak funtsa publikoen bidez ordainduko direla ezarriz, portuetan diharduten enpresa pribatuak kalteordainak ordaintzetik ere salbuesten dituzte. Hortaz, altxortegi publikoari egiten zaion lapurreta berri baten aurrean gaude.

LABek arbuiatu egiten du Errege Dekretu hau eta Parlamentuan ordezkaritza daukaten euskal alderdi politikoei eskatzen diegu hura arbuia dezaten. Santurtziko eta Pasaiako portuetako langileekin dugun atxikipena erabatekoa da, baita Ezkerraldeko eta Oarsoaldeko ekonomiekin ere. Era berean EAJri exijitzen diogu PPren makulu izateari utz diezaion eta Euskal Herriko langileriaren interesen defentsari ekin diezaion, euskal agenda baten pidez politika eta eredu propioak garatuz.

LABek eutsi egiten dio “bertan lan egiten dugunez, bertan erabaki dezagun” esaldiari. Baina hori gauza dadin, portuen kudeaketak gure esku egon beharko luke, eta horrela adostu ahal izango genituzke, berriki sinatu den Lanbide arteko Akordioaren babesean, lan baldintzak Euskal Herrian, burujabetasun ariketa eginez. Horixe da hain zuzen euskal langileriak haren ordezkaritza politikoari eman agindua. LABek bat egingo du Santurtzin nahiz Pasaian deitu diren grebekin, lanpostuen alde nahiz oraingo eta etorkizuneko lan baldintza duinei eustearren. Era berean borrokan jarraituko dugu behingoz gure portuen kudeaketa lortzearren, Estatu espainoleko lege eta inposizioen aginduetara egoteari utziz.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enviserreko langileek greba gogortu dute, protestaren hirugarren astean

Hiriko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzeko Gasteizko Udalaren kontrata den Enviser enpresako langileek hiru aste bete dituzte greban. Baldintza duinak jasoko dituen hitzarmen propio bat lortzea da beren helburua. Hainbat langilek Gasteizko udaletxearen aurrean pasa dute gaua, azken honen inplikazioa eskatzeko.

LABek ontzat jo du Iruñeko Udalaren eta alokairuzko bizikleten enpresaren artean sinaturiko akordioari esker langileei zor zitzaizkien soldatak ordaintzea

LAB sindikatuak duela bi aste salatu zuen Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian zeudela, sei hilabete baitzeramatzaten nominak berandu kobratzen eta, gainera, enpresak bi nomina oso zor baitzizkien. Iruñeko Udalak eta Ride On-ek gaur iragarri duten akordioaren arabera badirudi zerbitzuaren jarraipena bermatuko dutela eta enpresak berehala kitatuko dituela langileekin dituen zorrak.

LABek salatzen du milaka gutun banatu gabe daudela Gasteizen Correoseko langile faltagatik

Langilerik ez kontratatzearen ondorioz, kaosa sortu da azken hilabeteetan posta-banaketan, eta inoiz ikusi gabeko egoetara iristen ari da. Kontratazioan murrizketa hain handia da, kasu askotan ez dela inor ordezkatzen ari. Adibidez, Alde Zaharreko postariak urte erdi baino gehiago darama bajan, ordezkatu gabe.