2024-11-24
HomeEkintza PolitikoaLan harreman eta babes sozialeko esparru propiorantz urratsak emateko aukera baliatu beharra...

Lan harreman eta babes sozialeko esparru propiorantz urratsak emateko aukera baliatu beharra dago

Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak agerraldia egin du gaur eta adierazi du negoziazio kolektiboan borrokak ugaritzearekin batera, lan eta bizi baldintzak duinak bermatzeko aldaketa politikoen alde egingo duela LABek.

Langileen egunerokoa bilakatu dira azken hilabeteetan eros ahalmenaren galera, elikagaien prezioen igoera, hipoteken garestitzea, zerbitzu publikoen ahultzea, zaintza krisia edota lan osasunerako eskubidearen urratzea.

Guzti hau, enpresa handien eta bankuen irabaziek gora egiten duten bitartean, aberastasunaren birbanaketarako politikarik gabe. Bizitzaren prekarizazio eta pobretze prozesu honi mugak jartzeko bermea langileen mobilizazio gaitasuna izaten ari da.

Aurtengo ikasturtean, langileen bizi baldintzak hobetzeko neurri zehatzak mahai gainean jartzea eta horien aldeko dinamikak piztea izango da gure egiteko nagusia.

Horretarako baldintza egokiak badirela uste dugu:

  • Langileen ahalduntze kolektibo bat ematen ari da, bereziki aipagarria sektore feminizatuetan. Azken bi kurtsoek argi erakutsi dute langileek sektorez sektore eta enpresaz enpresa aberastasunaren banaketa orekatuagoaren alde eta lan baldintza duinen alde borrokatzeko duten determinazioa. Aurtengo ikasturtean bultzada horrek segida izango du.
  • Mugimendu Feministarekin batera deituko dugun Greba Feminista Orokorra. Zaintza duinerako eskubidea, zaintza lanak banatu eta berrantolatzeko eta zaintzaileek beraien lana duintasunez egiteko duten eskubidearen aldeko Greba. Zaintza Sistema Publiko Komunitarioa sortu behar dela eskatzeko Greba.
  • Lantokietako eta kaleko borrokaren bidez, aldaketa politikoak bultzatzeko dugun determinazioa eta testuinguru politikoak horretarako ematen dituen aukerak:
  • Batetik, Estatuan Gobernu berria osatuko bada, independentismoa erabakigarria izango da. Gure ustez, indar hau baliatu behar da, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren eraikuntzan urratsak emateko, Negoziazio Kolektiboaren estatalizazioari mugak jartzeko eta bertako negoziazio kolektiboa blindatzeko. Azken batean, euskal langileok gure lan eta bizi baldintzak estatuko injerentziarik gabe bertan erabakitzeko eskubidea errespetatzeko.

Nafarroan, Gobernu kontinuista eratu izana kritikatzen dugu, zerbitzu publikoak eta langileen bizi baldintzak hobetzeko anbizio gutxikoa.

  • Bestetik, EAEn Lehendakaritzarako hauteskundeak izango ditugu. Maiatzeko hauteskundeek argi utzi dute, langileoi politika publikoen diseinuan langileoi ahotsik ematen ez bazaigu ere, langileok, ahotsa ez ezik, bozka ere badugula. Patronalaren aldeko politikak egiten dituztenak zigortu eta langileon aldarrikapenak agenda politikoan kokatzen dituena indartzeko gaitasuna dugula.
  • Honela, ikasturtean bi erronka nagusi ditugu:

1. Lantoki eta sektoreetan borrokak piztea.

  • Langileria osora iritsiko den sindikalismo berria praktikara eramaten jarraituko dugu. Sindikalismo feminista azken urteetan egindako aurrerapenei eutsiz eta sindikalismo antirrazistan urrats berriak emanez.
  • Patronalaren aurrean indar korrelazio ahalik eta hoberenak lortzeko oztopoa da zatiketa sindikala. Gure ahalegina, zatiketa sindikalari aurre egiten jarriko dugu. Gutxieneko helburu batzuetan bat egiten dugunon artean intersindikal ahalik eta zabalenak osatuz. Bai gatazka horiei irismen sozial bat eman ere, bestelako eragile sozialekin, feminista, pentsionistak edota gazteak aliantzak sortuz.
  • Borrokatuko ditugun lehentasunezko edukiak:
    • Aberastasunaren banaketarako soldatak duintzea: eros ahalmena bermatuz, soldata arrakalari aurre eginez eta 1.400 euroko gutxieneko soldata ezarriz.
    • Zerbitzu publikoen defentsa eta garapena: osasungintza eta hezkuntzan.
    • Zaintzaren gaiari zentralitatea emango diogu. Zaintza Sistema Publiko Komunitarioaren defentsan, baina baita zaintza lanen berrantolaketara eta banaketa egokiago baterako gizonen inplikazio handiagoa ekarri behar duen erantzunkidetasun neurrietan arreta jarriz.
    • Lan osasunerako eskubidea errespetatzea eta prebentzio neurrietan arreta jartzea.
    • Lanaldi murrizketa. 30 orduko lanastea dugu helmuga. Lan guztien banaketarako, trantsizio ekosozialistari heltzeko edota digitalizazioaren erronkei aurre egiteko neurria delako.
    • Lan munduaren euskalduntzean aurrera urratsak ematea ere garrantzitsua izango da guretzat, are gehiago euskara jasaten ari den erasoak ikusita.

2. Ezker independentismoaren eremuko eragileen arteko agenda sozial partekatua.

  • Ekintza sindikal eta negoziazio kolektiboaren bidetik lortu ditzakegun edukiez gain, klase sindikatu independentista garen neurrian, LABek eraldaketa sozialaren alde borrokatzen du. Politika publikoetan aldaketak eragin nahi ditu, euskal esparrua eraiki, langileon lan eta bizi baldintzak bertan erabakitzeko ahalmena izan.
  • Honengatik, eraldaketa soziala eta burujabetza defendatzen dugun eragile sindikal, sozial eta politikoen artean, elkarlan eremuak jorratzearen alde egiten dugu.
    • Estatuan murrizketei ateak itxi eta eskubide sozialetan eta herri moduan ditugun eskubideetan, lurraldetasunean, erabaki ahalmenean aurrera pausuak lortzeko.
    • Bertako Gobernuetan eskumenen barruan politika publiko birbanatzaileak, langileen aldeko politikak bultzatzeko. Estatuetan posible ez diren aldaketak Euskal Herrian posible egin eta euskal esparrua egituratzeko ekarpena egiten dugu. Burujabetzan sakontzearen beharra azpimarratuz.
  • Agenda sozial partekatu bat izatea garrantzitsua deritzogu. Zer esan nahi dugu honekin, ba badirela hainbat gai amankomunean landu ditzakegunak:
    • Pentsio duinen alde eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzeko.
    • Zerga erreformak bultzatu, zerbitzu publikoen garapenean edota Zaintzaren esparruan.
    • 1.400 euroko gutxieneko soldata. Hemen gogoratu EH Bilduk Eusko Legebiltzarrera eramandako proposamen baten ondotik, Parlamentuak Gobernuari 1.400 euroko gutxieneko soldataren aldeko jarrera proaktibo bat izan zezan eskatu ziola. Gobernuari dagokio patronala interpelatzea eta hauxe izango dugu bihar Idoia Mendiarekin jorratuko dugun gaietako bat.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.