Espainiako Parlamentuan gaur bozkatuko dute PPren Zamaketa lanetako Errege Dekretua. Uste dugu, PSOE, Ciudadanos eta EAJ bezalako alderdien gardentasun ezak milaka enpleguren etorkizuna zalantzan jarriko duela, eta sortuko diren lanpostu berriei erabateko prekarizazioa ekarriko diela. Hori bai, portuetan diharduten enpresen irabaziak ez dira zalantzan jartzen, eta enpleguaren eta langileen lan baldintzen kontura areagotu nahi dituzte.
Errege Dekretu honen bidez Zamaketa sektoreko milaka langileen iraizpen masiboa bilatzen dute bakarrik, jarduera are baldintza prekario eta kaskarragoetan egin dadin.
Langileria osoa pobretzea nahi dute; oraingoan, langile hauei egokitu zaie tenorea. Erreformaz erreforma, hauen asmo bakarra esku gutxi batzuetan mozkin gehiago pilatzea da, eta aberastasun banaketa handiagoa egiten den lekuetan, legeak egiten dituzte hau suntsitzeko.
PPren gobernuak sektore oso baten kaleratzea legeztatu nahi du, Enplegu Espediente Erregularziorik gabe, galdetzeko eperik gabe, eta kalte-ordainak funtsa publikoen bidez ordainduko direla ezarriz, portuetan diharduten enpresa pribatuak kalteordainak ordaintzetik ere salbuesten dituzte. Hortaz, altxortegi publikoari egiten zaion lapurreta berri baten aurrean gaude.
LABek arbuiatu egiten du Errege Dekretu hau eta Parlamentuan ordezkaritza daukaten euskal alderdi politikoei eskatzen diegu hura arbuia dezaten. Santurtziko eta Pasaiako portuetako langileekin dugun atxikipena erabatekoa da, baita Ezkerraldeko eta Oarsoaldeko ekonomiekin ere.
LABek eutsi egiten dio “bertan lan egiten dugunez, bertan erabaki dezagun” esaldiari. Baina hori gauza dadin, portuen kudeaketak gure esku egon beharko luke, eta horrela adostu ahal izango genituzke, berriki sinatu den Lanbide arteko Akordioaren babesean, lan baldintzak Euskal Herrian, burujabetasun ariketa eginez. Horixe da hain zuzen euskal langileriak haren ordezkaritza politikoari eman agindua.
LABek bat egingo du Santurtzin nahiz Pasaian deitu diren grebekin, lanpostuen alde nahiz oraingo eta etorkizuneko lan baldintza duinei eustearren.