2024-12-19
HomeIndustriaArte GrafikoakPatronalak Bizkaiko grafikagintza sektoreko langileak pobreago eta prekarioago nahi ditu

Patronalak Bizkaiko grafikagintza sektoreko langileak pobreago eta prekarioago nahi ditu

Gaur egin du hirugarren bilera Bizkaiko Grafikagintzako Hitzarmenaren negoziazio mahaiak. Bilera horretan patronalak negoziaziorako plataforma aurkeztu du.

Patronalak, 12 urte baino gehiago hitzarmena berritu gabe egon ondoren, eta, beraz, lan baldintzak eta kasu askotan soldatak izoztuta, sektoreko langile guztiak iraintzen dituen eta errespetatzen ez dituen plataforma bat aurkeztu du. Langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko neurriak planteatu beharrean, CEBEKek hitzarmenean murrizketa eta atzerapauso handiak dakartzaten hainbat neurri proposatu ditu.

– 4 urteko indarraldia planteatzen du, soilik 3 urteko ultraktibitatearekin. Gogoratu behar da prozesu judizial baten ondoren hitzarmenak ultraktibitate mugagabea izan zezan lortu zela.

– Soldatei dagokienez, 12 urtez tauletan inolako igoera barik (2012-2022) egon ostean, ez du inolako soldata eguneraketarik edo igoerarik proposatzen urte horietan guztietan. Horrek esan nahi du sektoreko langileek erosteko ahalmenaren % 16 galduko luketela tauletan.

– Hitzarmena indarrean dagoen 4 urteetarako (2023-2026) % 9,5eko igoera proposatzen du, KPIarekiko inolako loturarik gabe eta erosteko ahalmena ziurtatzeko inolako bermerik gabe.

– Lanaldiaren murrizketarik ez du jasotzen, justu lanaldiaren gaia eztabaidaren erdigunean dagoen unean. Sektoreak 14 urte baino gehiago daramatza lanaldia murriztu gabe.

– Urtean 256 orduko lan malgutasuna ezartzea proposatzen du, eta 50 ordura arteko asteko lanaldiak ezar ditzake. Sektoreko langileak enpresen esku egotea nahi dute.

– Gainera, murrizketa batzuk proposatu ditu honako gai hauetan: antzinatasuna, gaixotasun arruntagatiko bajen osagarriak, 60 urtetik aurrera enpresan borondatezko bajagatiko kalte ordainak jasotzeko eskubidea aitortzen duen artikulua ezabatzea hitzarmenetik, konpentsazioa eta absortzioa saihesten dituen artikulua ezabatzea, ordu sindikalen kopurua murriztea eta ordezkari sindikalaren figura mugatzea…

– Sektoreko lan baldintzak estatalizatu nahi dituzte, Bizkaiko hitzarmenean Grafikagintzako Estatuko hitzarmeneko gaiak jasotzea planteatuz.

– Ez dago bermerik enpresek hitzarmena aplikatzeari uztea erabakitzeko, langileekin akordiorik ez badago.

Beraz, patronalak, aurkeztu duen plataformarekin, oso mezu argia helarazi du: negoziazio honen helburua sektoreko langileak eta haien familiak gehiago pobretzea eta prekarizatzea da. LAB sindikatuak argi dauka, ez du atzerapausorik onartuko sektoreko lan baldintzetan, bere helburua kontrakoa baita, langile guztien lan eta bizi baldintzak hobetuko dituen akordio bat lortzea. Patronalak beste aukera bat du bere jarrera zuzentzeko, datorren irailaren 11n, negoziazio mahaia berriro bilduko den egunean. Horrela ez bada eta bere asmoekin aurrera jarraitzen badu, LABek argi dauka bere estrategia: negoziazioa, aktibazioa eta mobilizazioa.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Madrilen sinatu duten erretiro partzialaren akordioa antzua da eta euskal langileoi negoziazio kolektiboa bahitzen digu

Gaur Madrilen bildu da Espainiako Estatuko Administrazio Publikoen Mahai Orokorra, zeinean LABen parte hartzeko eskubidea lehen aldiz onartu den.

EAEko Hezkuntza Saileko lan legepeko irakasle eta hezitzaileen hitzarmen berria lortu dugu

Hamaika borroka eta 20 urte luzeren ondoren, heziketa bereziko hezitzaileon aitortzarako eta lan baldintzak hobetzeko aurrerapausoak dituen hitzarmena lortu du LABek.

Jaiak guztiontzat dira, eskubideak ere bai!

LABeko etxeko langileen atal sindikala eta Hego Euskal Herriko Etxeko eta Zaintzako Langileen Kolektiboak kanpaina bat egin ari dira sektore horretako langileen eskubideak aldarrikatzeko Gabonetako eta urte berriko jaietan; izan ere, uste dute egun horietan areagotu egiten direla lanaldietako abusuak eta jaiegunetako atsedenerako eskubideak ez errespetatzea.