2024-07-22
HomeEkintza SindikalaElorritxuetako adingabeen zentroko erabiltzaile zein langileen egoera salatu eta zerbitzuaren publikotasuna eta...

Elorritxuetako adingabeen zentroko erabiltzaile zein langileen egoera salatu eta zerbitzuaren publikotasuna eta kalitatea bermatzeko eskatu dugu

Langileek bizi duten egoeraren erantzuletzat jotzen ditugu Bizkaiko Foru Aldundian orain arte Sergio Murillo buru izan duen Gizarte Ekintzako Saila eta Landalan enpresa esleipenduna, kudeaketa utziko duela iragarri duena. Orduz geroztik, kaleratzeak egon dira, lan-baldintzak nabarmen kaskartu dira eta zerbitzuaren etorkizuna kolokan dago. Hori guztia dela eta, langileek mobilizazioei ekingo diete.

Elorritxuetako (Vivero) zentroa Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzua da, Landalan enpresak kudeatzen duena, eta 50 langile baino gehiago ibili dira bertan lanean azken urtean. Orain dela urtebete inguru Landalanek zerbitzua emateari utziko ziola adierazi zien langileei eta komiteko ordezkariei. Ordutik, Landalaneko zuzendaritzarekin zein zerbitzuaren titularra den Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte ekintzako buru izan den Sergio Murillorekin hainbat bilera egin dituzte, komiteko kideekin batera, sindikatuek. Bilera horietan, Landalanek zerbitzua emateko aukerarik ez zuela ikusten esaten zuen, eta aldundiarekin zuen hitzarmena bukatzerakoan zerbitzua emateari utziko ziola iragarri zuen.

Horretarako, enpresa berriari subrogaziorako datu guztiak emango zizkiola agindu zuen, hitzarmen kolektiboak adierazten duen bezala. Ordutik hona, zerbitzua ematearen hitzarmena hainbatetan luzatu dute, eta langileen lan baldintzak hitzarmen batetik betera kaskartu dituzte, hilabetez hilabete langileen lan osasuna jokoan jartzeraino. Gogoan izan behar da Landalan urteetan zehar sektoreko hitzarmen kolektiboa errespetatu ez duen enpresa dela eta Bizkaiko Foru Aldundiak, hau guztia jakin arren, beste alde batera begiratu duela. Bitartean, ezkutuko kaleratzeak martxan jarri dituzte eta hainbat langile kaleratuak izan dira.

Zerbitzuaren egoerak urteak daramatza kaskarra izaten, eta egungo egoera oso larria da: ratio falta, 42 erabiltzailerentzako plaza itunduak izanik 82 erabiltzaile egotera ailegatu baitira, eta hori guztia langile gehiago jarri gabe, erabiltzaileentzako espazio duinik gabe eta haien bizi proiektua aurrera eramateko espazio gabe, material faltarekin, higienerako material faltarekin eta erre ziren koltxoiengatik eraikinean gertatutako sutearekin, besteak beste.

Bizkaiko Foru Aldundia eta Sergio Murillo guzti honen erantzule dira. Alde batetik, egoeraren berri izan dutelako eta langileei emandako hitza bete ez dutelako, langileei agindu baitzieten zentroa irekita mantenduko zutela. Ordea, bitartean lan zentroa pixkanaka-pixkanaka desegiten ari ziren. Eta bestetik, langileek zein egoiliarrek salatu duten bizi eta lan egoera kaxkarrak zeintzuk diren urteetan jakin dutelako eta beste albo batera begiratu izan dutelako, langileen lan eta bizi proiektuekin jolastuz.

Beste behin ere argi geratu da publikoak izan beharko liratekeen eta aldundiaren menpe dauden zerbitzuen pribatizazioak langileen miseria dakarrela. Horregatik, lanpostuen defentsan eta langile zein egoiliarren lan eta bizitza duinen aldeko borrokan, mobilizazio ziklo hasiko du sindikatuak. Orain arte egin bezala, langileak lehen lerroan jarriko dituzte. Lehenengo hitzordua uztailaren 28an izango da, Ugaskon, Gizarte Ekintzako bulegoen aurrean.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABeko kideak Mugak Zabaltzen karabanan

Balkanetara eginiko Mugak Zabaltzen karabanan parte hartu dute aurten ere sindikatuko hainbat afiliatuk. Ekimen horren helburua da salatzea Europa insolidario honek armak saltzen dituela eta bere mugak militarizatzen dituela.

Esparru propioa sendotu dute kurtso honetan LABek sustatutako ia 200 borroka sindikalek

Gorantz egin dute enpresetako gatazkek eta irekitako 10 borrokatik 4 itxita daude, eduki anitzagoekin.

Langileen aldeko politikak bultzatzeko eta zerbitzu publikoak hobetzeko eskatu diogu Pradales Lehendakariari

Osakidetzan langileen gehiengorik gabe herri itunik ez dela posible izango ohartarazi diogu.