2024-07-22
HomeEmakumeakMartxoak 8Neurri feminista ausartak har ditzatela eskatu diegu erakunde zein alderdiei

Neurri feminista ausartak har ditzatela eskatu diegu erakunde zein alderdiei

LABeko emakumeak Gasteizen bildu gara, sindikalgintza berriaz eta feminismoaren garrantziaz hitz egiteko. Topaketaren ostean, kalera irten gara "Egin kontu! Aurrekontu feministen garaia da" leloarekin, Martxoak 8ko Emakume Langileen Nazioarteko Egunaren harira. Hala, instituzio zein alderdi politiko desberdinei eskatu diegu urteroko diskurtso formal eta hutsaletatik politika eta neurri feminista ausartetara jauzia eman dezaten.


LABeko emakumeok, sindikatuak maiatzaren 25 eta 26an burutu behar duen 9. Biltzar Nagusiaren testuinguruan bildu gara martxoaren 8 honetan, Gasteizen, sindikalgintzak eman beharreko eta LAB konkretuki ematera doan urrats feministaz gogoeta egiteko.

LABen eraldaketa feministari berrekin nahi diogu, gure eredu sindikalaren erdigunean bizitzaren jasangarritasuna kokatuz eta bizitzaren prekarizazioari aurre egingo dion ekintza sindikal eta sozial berri bati bide emanez.

Norabide berdinean, martxoaren 8 honetan, instituzio zein alderdi politiko desberdinei urteroko diskurtso formal eta hutsaletatik, politika eta neurri feminista ausartetara jauzia eman dezaten eskatzen diegu.

Aukera paregabea dago zabalik, Eusko Jaurlaritza berriak bere lehenengo aurrekontuak negoziatu eta adostu behar baititu.

Aurrekontu hauek zein testuinguruan eztabaidatu eta onartuko diren ezin dugu ahaztu:

· Gehien dutenen eta gutxien dutenen aldea geroz eta handiagoa, eta arrakala hau estatuan baino gehiago indartzen ari denean.

· Lan munduan emakumeon egoeraren larritasuna erakusten duten datuak: soldata arrakala %33,6koa, behin behinekotasuna %26,1koa, lanaldi partzialen %78,3 emakumeongan…

· DSBEa jasotzen duten 63.797 pertsonetatik gehienak, 35.951, emakumeak dira eta Jaurlaritzak ez du DSBEaren legea betetzen, murrizketa berriak inposatzen dituelarik.

Egun jendartean zabaltzen ari den prekarizazio eta pobretze prozesuari aurre egiteko enplegu plan berria eta egon badagoen aberastasunaren banaketa termino etikoetan bermatuko dituzten politika publikoak behar dira, hau da, aurrekontu sozialak eta feministak, behar dira.

Prekarietate eta pobreziaren kontrako plan integrala behar da, aberastasuna eta lanaren banaketa justu eta orekatua ahalbideratuko duena: enplegu plan berria, babes sistema aurrerakoia eta emakumeon egoera iraultzeko neurri eta estrategia zehatzak barnebildu behar dituenak. Honetarako noski, politika eta neurri fiskal berriak behar direlarik.

Aipatutako parametroetan kokatzen ez diren aurrekontuak antzuak eta emakumeontzat iruzur berri bat baino ez dira izango.

Mobilizazioak, arratsaldean

Bestalde, gaur arratsalderako iragarrita dauden mobilizazioetan parte hatzeko deia egin dugu. Hauek dira hitzordu nagusienak: Bilbon, Arriagan, 19:30ean; Iruñean, Gaztelu plazan, 20:00etan; Donostian, Bulebarrean, 19:00etan; Gasteizen, San Anton plazan, 20:00etan; eta Baionan, Herriko Etxean, 18:30ean.

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABeko kideak Mugak Zabaltzen karabanan

Balkanetara eginiko Mugak Zabaltzen karabanan parte hartu dute aurten ere sindikatuko hainbat afiliatuk. Ekimen horren helburua da salatzea Europa insolidario honek armak saltzen dituela eta bere mugak militarizatzen dituela.

Esparru propioa sendotu dute kurtso honetan LABek sustatutako ia 200 borroka sindikalek

Gorantz egin dute enpresetako gatazkek eta irekitako 10 borrokatik 4 itxita daude, eduki anitzagoekin.

Langileen aldeko politikak bultzatzeko eta zerbitzu publikoak hobetzeko eskatu diogu Pradales Lehendakariari

Osakidetzan langileen gehiengorik gabe herri itunik ez dela posible izango ohartarazi diogu.