2024-11-21
HomeEkintza SindikalaOsakidetzan azpikontratatutako garbiketako langileentzako homologazioa bermatzea #LortuDugu eta zerbitzu bera ematen duten...

Osakidetzan azpikontratatutako garbiketako langileentzako homologazioa bermatzea #LortuDugu eta zerbitzu bera ematen duten langile publikoen baldintza eta soldata berdinak izango dituzte

Hitzarmen kolektiboa berritzeko aurreakordioa lortu da ia ehun greba egunen ostean. Negoziazio eta borrokaldi luzeak eman du emaitza: aldarrikapen sozial nagusiak jasoko ditu hitzarmenak, tartean, azpikontratatuko langileen lan baldintzen homologazioa.

Bost urte baino gehiagoz luzatu da negoziazioa, berrogeita hamar bilera baino gehiago egin dira eta langileak ia 100 egunez greban egon dira. Bada, borrokaren bidez azkenik lortu ahal izan dute luzaroan exijitu duten hori, hau da, Osakidetzako langileekiko homologazioa. Horrez gain, baina, beste hainbat hobekuntza jasotzen ditu testuak. 2021etiko atzerapenak jasotzen dituzten karrera profesionaleko mailak aitortzea, karrera profesionaleko etorkizuneko deialdietara sarbidea bermatzea, txanda kontratua eskuratzea, lanpostu hutsak esleitzeko erregulazio objektiboa… Hala, langile bakoitzari aitortutako mailaren arabera jasoko dituzte atzerapenak beharginek, zenbait kasutan 9.700 euroraino iritsiko direlarik.

Sektoreko beharginek hasiera batean ez zuten uste hitzarmena berritzeko horrenbeste oztopo izango zituztenik, baina Garbialdi buru duten enpresa esleipendunen eta Osakidetzaren beraren blokeoa pairatu behar izan dute, eta horrek bultzatu ditu gatazkara. Grebak iraun duen ia 100 egun horietan zehar, gehiegizko gutxieneko zerbitzuak, poliziaren presentzia itogarria eta dozenaka identifikazio jasan behar izan dituzte. Borroka luzea izan da eta langileek ez dute atzera urratsik egin. Ekimenez jositako borrokaldia izan da, tartean, Gurutzetako plazan astebeteko kanpaldia egin zuten. Finean, borroka jarri dute erdigunean, eta sektorea duintasunez gainezka dagoela erakutsi. Euskal Herrian izandako lan-borroken zerrenda zabalean orrialde gogoangarri bat idatzi dute Osakidetzako garbiketan azpikontratatutako langileek.

LABek hasieratik egin du borrokaren aldeko apustua eta indarrak batzearen aldekoa. Orain lorpen kolektiboa gozatzeko garaia da. Antolakuntzari eta borrokari esker lortu den garaipena ospatzekoa.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.

Gizarte Segurantza propioa eskatu dugu, langileen osasuna kontrol eta presioaren gainetik jartzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, INSS Gizarte Segurantzaren Espainiako institutuaren bulegoen ondoan, kapitalak langileriari egiten dion kontrol eta presioaren gainetik osasuna eta prebentzioa jar daitezela aldarrikatzeko. LABek Gizarte Segurantza propioa eskatzen du, nafar langileen beharrak benetan erdigunean paratuko dituena.