2024-11-24
HomeEkintza SindikalaAkordioa GAUDEn: langile guztientzako %20,85eko eta zaintzaileentzako %53ko soldata-igoerak #LortuDugu

Akordioa GAUDEn: langile guztientzako %20,85eko eta zaintzaileentzako %53ko soldata-igoerak #LortuDugu

LABek zorionak eman nahi dizkie GAUDEeko langileei egindako borrokagatik eta lortutako akordioagatik. Beste behin ere, argi geratu da langileen arteko batasuna borroka-klabean jartzea eraginkorra dela eskubideak lortzeko eta gure lan-baldintzak hobetzeko, bai eta gurekin lan egiten duten pertsonek jasotzen duten zerbitzuaren kalitatea hobetzeko ere. GAUDEk aniztasun funtzionaleko pertsonekin egiten du lan, 150 langile ditu eta LABeko 9 ordezkarik osatzen dute bere enpresa-batzordea.

Langileek Bizkaiko Foru Aldundia egiten dute erantzule zerbitzuaren kalitatea prekarizatu eta senideak eta langileak aurrez aurre jarri nahi dituen sistema bat inposatzeaz, zerbitzu publiko honen titular gisa duen erantzukizunari muzin eginez.

Akordio honek duen garrantzia eztabaidaezina da, eta GAUDEko langileek egindako mobilizazio, lanuzte eta greba-egun ugarien emaitza da.

Hona hemen akordioan jasotako lorpenetako batzuk:

  • Eros ahalmena bermatzen duten soldata-igoerak, langile guztientzat % 20,85eko igoera finkoa dakartenak, eta berrikuspen-klausula bat, oraindik ezagutzen ez diren KPIak kopuru hori baino handiagoak izango balira.
  • Zaintzailearen kategoria kentzea eta haien parekatzea. Neurri honek,  langileen % 20ri baino gehiagori dakarkie Hitzarmenaren indarraldiaren amaieran %53,5eko soldata-igoera izatea. Soldata-eskala bikoitz hori ezabatzea aurrerapauso handia da prekaritatearen aurka, eta balio handia ematen diogu.
  • Lanaldia murriztea, urteko 1.592 orduak finkatu arte.
  • 35 orduko lanaldi-murrizketa 10 hirurteko dituzten langileentzat.
  • Lanaldi jarraituak errazteko neurriak.
  • Aldundiarekin hitzartu gabeko zerbitzuetan (Casa Zuazo eta aisialdi-zerbitzuetan) lan egiten duten langileen lan-baldintzak parekatzea.
  • Antzinatasunean zegoen muga ezabatu egiten da eta kontzeptu hori inolako mugarik gabe handitzea lortzen da.
  • Prestakuntzan hobekuntzak: GAUDEk bere gain hartuko ditu dietak, joan-etorriak eta 400 eurorainoko matrikularen kostua elkartetik kanpoko ikastaroetarako.
  • Euskararekiko konpromisoak. Enpresaren beharren benetako diagnostikoa egingo duen euskara-batzorde bat sortzeaz gain, enpresak konpromiso hauek hartzen ditu:
    • Barneko eta kanpoko komunikazio ofizial guztiak ele bitan egingo dira.
    • Ikastaroak, barnetegiak eta abar egiteko urteko diru-partida.
    • Leku ofizialetan euskara ikasteko erabilitako orduen % 25 lanalditzat hartuko da.

LABek besarkada handi bat eta bere esker ona helarazi nahi die GAUDEeko langileei, akordio honetan egindako borrokagatik eta lortutako aurrerapen handiengatik.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.