2025-01-15
HomeEkintza SindikalaEgungo ildo hutsala hautsi eta neurri eraginkorrak lortzera bideratutako eskakizunak mahaigaineratu ditugu...

Egungo ildo hutsala hautsi eta neurri eraginkorrak lortzera bideratutako eskakizunak mahaigaineratu ditugu Osalanen kontseilu bileran

Hamarkada batez kanpo egon ostean, LAB sindikatua gaur itzuli da organo horretan parte hartzera. Hala, langileon lan osasunaren aldeko borroka indartzeaz gain, kontrabotere ikuspegitik langileak antolatu eta kapitalari eremu guztiak, baita instituzionala ere, lehiatzeko apustuaren baitan kokatzen da gaurko bilera.

Gure aldarrikapen nagusiak eraman ditugu Osalanera itzulerako lehenengo kontseilura. Laburbilduz, egun Jaurlaritzaren eskumenpean dagoen lan-ikuskaritzaren eta Osalanen arteko bateratze operatiboa aldarrikatu dugu, osasun ikuspegia errotzearekin batera. Beste alde batetik, Osalango teknikarien gaitasun exekutiboa izateko beharra ere mahaigaineratu dugu. Izan ere, lantokietan prebentzioa bultzatzeko orain arte ezarritako planen emaitza hutsaren hurrena izan da, eta langileen istripu tasak eta laneko gaixotasunen mailak bere horretan diraute. Plan horiek duten arazo nagusietakoa da enpresariari ez zaiola inondik inora neurriak hartzera behartzen.

Gaurko bileran aukera izan dugu, halaber, sektore arriskutsuenen inguruko neurriak eskatzeko, hala nola basogintza zein eraikuntza. Eta fokoa ipini nahi izan dugu sektore feminizatuetan, zeintzuetan arrisku muskulueskeletikoek zein psikosozialek utzitako eragina kontingentzia arrunt bezala ezkutatzen duten mutualitateek, administrazioaren konplizitatearekin.

Era berean, nabarmentzekoa da foro horretan hitzartzeak zein aktak euskaraz egin daitezen eskatu behar izan dugula.

Kontseilu horretan istripu eta laneko gaixotasunen intzidentzia izan dira aipagarri. LABek argi adierazi du ez ditugula Osalanek ofizialtzat hartzen dituen datuak onartzen, mutualitateek ekoizten baitutuzte, eta jarraian gizarte segurantzari Delta sistema bidez jakinarazi. Beraz, patronala bera da datuak manipulatu, egokitu eta publiko egiten dituenak.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Nafarroako irakaskuntza publikoko urtarrilaren 30eko greba erregistratu dugu

Hezkuntza Departamentuak jarrera guztiz itxiarekin jarraitzen du, eta horren aurrean, egiazko negoziazioa egon dadin, gure indar osoa mahai gainean jartzeko prest gaudela erakutsiko dugu.

Epaitegien erasoaldi eta injerentziaren aurka, gure hizkuntza eskubideak defendatzeko deia egiten dugu

Oraingoan Bizkaiko Foru Aldundiaren (BFA) deialdi bati egokitu zaio epaitegien erasoaldiaren jomugan egotea. “Egotea” diogu epaitegien erasoaren benetako helburua, “izan”, euskera eta euskaldunon hizkuntz eskubideak baitira. Hartara, helburu horren bidean edozer erasotzeko prest ere agertzen dira; kasu honetan, BFAren deialdi bat non 77 pertsonaren plazak jokoan jartzeraino heltzeko gai diren euskera eta euskaldunon hizkuntz eskubideak erasotzearren.

Confebask eta CEN patronalei dei egin diegu gutxieneko soldata propioa finkatuko lukeen Lanbidearteko Akordiorako negoziazio mahaia eratzeko

Beste sindikatu batzuk egin bezala, gaur goizean, EAEn eta Nafarroan Lanbidearteko Akordio bat negoziatzeko mahai bana eratzea eskatu dugu, Patronala (Confebask – CEN) eta sindikatuen artean Gutxieneko Soldata propio bat negoziatu eta ezartzeko.