2024-12-23
HomeIdazkaritzakEuskara IdazkaritzaAdministrazioan hizkuntza erabilerarako dekretu zirriborroa oso eskasa iruditzen zaigu

Administrazioan hizkuntza erabilerarako dekretu zirriborroa oso eskasa iruditzen zaigu

LAB sindikatuaren iritziz, Nafarroako Gobernuak aurkeztu duen Administrazioan hizkuntza erabilera arautzeko dekretu zirriborroak egungo diskriminazio egoera leuntzen du, baina euskararen bigarren mailako hizkuntza izatea egonkortzen du. Hobekuntzak badaude ere, inolaz ere ez ditu bermatzen nafarren hizkuntza eskubideak eta hizkuntza hautatzeko askatasuna Administrazioan.

LABen ustez, indarrean dagoen “Vascuenceren Legeak” ezartzen dituen mugak gainditu behar dira zalantzarik gabe. Lege horrek inposatzen duen zonifikazioa eta hortik eratorria hiritarren artean finkatzen duen hizkuntza diskriminazio antidemokratikoa lehenbailehen bertan behera uztea ezinbestekoa da, nafar guztien hizkuntza eskubideak bermatu ahal izateko. Dekretu zirriborro hau lege marko baztertzaile horren gatibua da. Tamalez Gobernuak ez du helburu “Vascuenceren Legea” baliogabetzea nafar jendartea bere kalteak pairatzen jarraitzera zigortuz. Azken hiru hamarkadetan zonalde misto eta ez-euskalduneko hiritarrek hizkuntza eskubide gutxiago izan dituzte zonalde euskaldunekoek baino (hauen egoera perfektua izan gabe). “Aldaketaren Gobernua” deritzonak baztertutako hiritar hauei hau da eskaini ahal dien konponbiderik hoberena? Hau da euskarak lor dezakeen statusik gorena (beti gaztelaniaren oso azpitik egonik)? Nor da benetako aldaketa sakona eragozten ari dena? Nafarroako hiritarren bizilekuaren arabera hizkuntza eskubide desberdinak daudela onartu behar dugu diskriminazioa betikotuz? Hiritar guztiek ez dute izan behar Administrazioaren aurrean hizkuntza aukeratzeko askatasunik edota eskubiderik? LABen iritziz etsigarria da eskaintzen dena: zonifikazioa ontzat ematen du eta euskarak behar duen normalizaziotik oso urrun dago.

Gure errealitatea da euskara hizkuntza gutxitua dela baita zonalde euskaldunean ere. Egoera honek euskararekiko babes neurriak ezartzea eskatzen du Nafarroa osoan. Dekretu zirriborro honetan zonalde mistoan eta ez-euskaldunean euskara bigarren mailako hizkuntza izaten jarraitzea planteatzen da. Zonalde euskaldunerako aldiz, gaztelaniarekiko erabateko simetria aseptiko egoera proposatzen da, baina euskara hizkuntza gutxitua den heinean, ikuspuntu sozio-linguista hutsetik, diskriminazio positiboa beharko luke babesteko eta suspertzeko.

Zirriborroak proposatzen dituen aldaketa positibo batzuk betetzeko ez da eperik finkatzen (errotulazio aldaketa adibidez), edo zehazten direnak luzeegiak dira (departamentuen plangintza egiteko urtebete adibidez).

Herritarrei euskaraz zerbitzua eman ahal izatea lehenesten da, eskubide hau Nafarroa osoan bermatu gabe, baina ez da proposatzen Administrazioak gaztelera hutsez funtzionatzeari uzteko pausoak eman behar direla. Neurriak hartzen joan beharko da Administrazioaren funtzionatzeko hizkuntza euskara izateko ere.

Administrazioaren helburua administratuei zerbitzu egokia eskaintzea izan behar da, besteak beste ele biz. Horretarako administrazioak lanpostu guztien hizkuntza gaitasuna zehaztu behar du, eta horren arabera langileak jarri. Alde batetik, administratuen hizkuntza hautatzeko eskubidea ziurtatu behar da. Bestetik, bermatu behar da Administrazioko langile guztiek lan ordutegian eta doan euskara ikasteko duten eskubidea, eta ikasten duten bitartean ordezkatuak izatekoa. Administrazioaren ardura da langileak euskalduntzea eta eskubide hau bermatzeak lagunduko dio euskararen normalizazioa bere baitan lortzen.

Langileok euskararen normalizazioan eragile aktiboak izan behar gara. LAB prest dago prozesu honetan laguntzeko, ekarpenak egiteko eta lan egiteko.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...