Enpresarekin hainbat bilera egin ondoren, langileen batzar batzuk egin ondoren, lanuzte eta mobilizazio deialdiak egin ondoren, Morea merkataritza guneko (Cordovilla, Nafarroa) E. Leclerc hipermerkatuko Enpresa Batzordeak, non LAB baita lehen indar sindikala, hobekuntza batzuk lortu ditu Saltoki Handien hitzarmenaren gainetik, besteak beste, astean bost eguneko lanaldia. Langileak zoriondu nahi ditugu lortutako akordioagatik, eta mugarritzat jotzen dugu Merkataritzaren sektorean.
Merkataritzaren sektorean ezinezkoa dirudien arren, Cordovillako E. Leclerc hipermerkatuan mugarri bat lortu berri da lan baldintzen hobetzean: astean bost egunez lan egitea. Eta hori lortu da plantillaren antolakuntzari esker, bukaera arte irmo eta aktibo mantendu delako, eta LAB sindikatuaren bulkadari esker –13tik 6 ordezkari ditugu Batzordean–.
Bost eguneko asteko lanaldiaz gain, hemendik aurrera langileek urtean gutxienez zazpi asteburutan (larunbatetik astelehenera) gozatzeko aukera izatea ere lortu da, hitzarmeneko urteko lanaldia 12 ordutan murriztu da eta norberaren aferetarako egun bat gehiago lortu da.
Eta sindikatu honek pentsatzen duenez, enpresa bateko plantilla finkoaz gain, behin-behineko langileak ere kontuan hartu behar direla baldintzak hobetzeko, negoziazioaren zati izan da eta akordioan sartzea lortu da ABLEetako langileak enpresako plantilla mugagabean sartzea; horrek nabarmen hobetuko ditu haien lan-baldintzak.
Berriz ere egiaztatu ahal izan da errazagoa dela gauza handiak lortzea langileak antolatzen direlarik guzti-guztien lan baldintzak hobetzeko borrokatzen den sindikatu batekin. LABek jarraituko du E. Leclerceko plantillaren lan baldintzak hobetzeko borrokan, bai eta astean bost eguneko lanaldia izatea merezi duten Merkataritzako gainontzeko langileen lan baldintzak hobetzeko borrokan ere.