Pozik gaude gaur Iruñeko Buztintxuri auzoan familia bat etxegabetzeko agindua bertan behera utzi dutelako, baina ohartarazi nahi dugu mota horretako mehatxu gehiago gertatuko direla aurrerantzean. Horren erantzule nagusia Nafarroako Gobernua da, alokairu sozialeko etxebizitza publikoak desklasifikatu eta horiek Testa Residencial bezalako putre funtsen esku egotea ahalbidetu baitu.
Beraz, erran bezala, poztu gara gaur Buztintxurin lortu den garaipenarengatik, eta Carolina eta haren alabak zoriondu nahi ditugu, bai eta haiei lagundu dieten pertsona eta kolektibo guztiak ere, baina ohartarazi nahi dugu ez dagoela erlaxatzeko tarterik, abian baitira Iruñeko auzo horretan berean egitekoak diren etxegabetze gehiagoren ohartarazpenak.
Etxebizitza oinarrizko eskubidea da, eta ez luke negozio espekulatiboari lotuta egon behar. Baina Nafarroako legeriak etxebizitzarako eskubide subjektiboa onartzen duen arren, ekonomikoki ahulenak diren pertsonen artean etxegabetzeak gertatzen dira oraindik. Beraz, Nafarroako Gobernuari dei egiten diogu bere erantzukizuna bere gain har dezan, Nafarroako herritar bakar bat ere ez dadin gelditu bizitzeko etxerik gabe.
Ez da onargarria irtenbideak emateko ordua ailegatzen denean etxebizitza-parkerik ez dagoela erratea aitzakia moduan, Gobernuak berak eragin baitu egoera hori, bere garaian babesturiko etxebizitza publikoa sektore pribatuaren esku jartzeko desklasifikatu zuelako.