2025-03-11
HomeEkintza SozialaAinhoa Etxaide: "Jaurlaritza berriari prekarietatearen eta pobreziaren kontrako plan orokor eta estrategikoa...

Ainhoa Etxaide: “Jaurlaritza berriari prekarietatearen eta pobreziaren kontrako plan orokor eta estrategikoa egitea eskatzen diogu”

Jaurlaritzak publiko egin berri dituen aurrekontuek agerian uzten dute datozen urteei begira hartutako norabidea. Merkatuari begira egindako aurrekontuak dira eta bien bitartean jendarteak geroz eta bitarteko ekonomiko gutxiago ditu. Gai honen inguruan LABek emandako agerraldian Ainhoa Etxaide, Idazkari Nagusiak, azaldu du egoera honek baduela konponbidea, “aberastasuna banatuz dirua ongizate sozialean inbertitzea eta dauden eskuduntzak baliatzea garapen eredu zuzen bat ezartzeko”.

2008. urteaz geroztik, krisiak eta krisiaren kudeaketa politikoak kostu ekonomiko eta sozial izugarriak ekarri dituzte. Garesti ordaindu dugu, suntsitutako enplegua, murrizketak eta inposatutako erreformak direla eta. Gaur aurkeztu dugun txostenean jasotzen denaren arabera “babesa behar duten kolektiboak handitzen ari dira”, prekarietatearen gorakadaren ondorioz geroz eta gehio dira lan munduan egon arren babes publikoaren beharra dutenak. Gainera azpimarratu behar dugu kolektibo hauek daukaten babes maila murrizten ari direla. Horrez gain gehien dutenen eta gutxien dutenen arteko aldea handitzen ari da, eta hala izaten jarraituko du politikak aldatu ezean.

Jaurlaritzak badu zer aldatu hala erabakiz gero, “egoera soziolaborala aldatzeko bidea martxan jarriz eta aurrekontu sozialak eginez”. Baina Politika ekonomiko eta soziala Confebasken eskutan uztea erabaki du. Jaurlaritzak uko egin dio ditugun premien araberako eta merezi duen herri proiektuaren araberako aurrekontuak egiteari. Alderantziz “Jaurlaritza berriaren asmoetan ez dugu egitasmo bat bera ere ikusi errealitate sozioekonomiko berri bat eraikitzeko helburuarekin”. Beste adibide askoren artean AHTa, prekarietatean oinarritzen den eta prekarietatea indartuko duten Industria 4.0 lerroa eta ikerkuntzan aplikatutako murrizketak aipatu ditu Etxaidek.

Alternatiba badago aldaketa eragiteko borondatea egonez gero. Horregatik, Jaurlaritza berriari prekarietatearen eta pobreziaren kontrako plan orokor eta estrategikoa egitea eskatzen diogu eta plan horren arabera marraztu daitezela erreforma fiskala, enplegu plan berria, babes sistemaren erreforma eta emakumeen egoera iraultzeko neurri espezifikoak. Urrats hau, Confebasken bulegoetatik urrun, egoera ekonomiko eta sozial berri bat eraiki nahi dugunokin eztabaidatuz eta akordioak eginez soilik lortuko da.

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Tafallako eta Erriberriko larrialdiko arreta berrantolatzea exijitzen du

Iazko irailaren 26an, Erriberriko larrialdiko arreta zerbitzua itxi zuten, eta Tafallako eskualdeko larrialdi zerbitzua egoera kezkagarrian dago. Hori ikusita, ezinbestekoa da Tafallaldeko larrialdiko arretari berehalako konponbide orokor bat ematea. Langileek eta herritarrek egoera salatu dute, eta adierazi dute ezen, Erriberriko larrialdi zerbitzua itxi ondoren, lehenengo arreta ematea langile ez-sanitarioen esku utzi dela, zehazki, administrarien esku. LABek horren berri eman zion duela hilabete batzuk bai Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzari, bai Ospitalez kanpoko Larrialdien Zuzendariordetzari. Hala ere, konponbideak jarri beharrean, funtzionamendu berarekin jarraitzen dute, herritarrei ematen zaien zerbitzuaren gabeziak konpondu gabe.

LABek eskubide murrizketa salatu du Bilboko El Corte Ingles-en

LAB Bilboko El Corte Ingles-en aurrean mobilizatu da langileen lan-baldintzen errealitatea enpresak saltzen duen bikaintasun-iruditik oso urrun dagoela salatzeko.

GUREAKek laneko bajak ez izatera kondenatzen ditu aniztasun funtzionala duten langileak

Mutualia erabiltzen du horretarako, ez baitu onartzen laneko istripuen jatorri laborala. Langileen minusbaliotasunak koartada gisa erabilitzen ditu, eta, hala, lanak eragindako kalteak aitortzea saihesten du.