2024-11-22
HomeOharrakGreba OrokorraIgor Arroyo (LAB): “M-29a UPN-PSN Gobernuaren politika antisozialen aurkako borroka eguna ere...

Igor Arroyo (LAB): “M-29a UPN-PSN Gobernuaren politika antisozialen aurkako borroka eguna ere izango da”

Barcinak (UPN), Sarriák (Patronala) eta Molinerok (CCOO) bat egin dute martxoaren 29ko Greba Orokorrari indarra kentzeko saiakeran.

Barcina anderea ez da pertsonarik egokiena langileen interesen inguruan mintzatzeko, bera politikan aritzen baita dieta eta gainsoldatak eskuratzeko. Edozein kasutan ere, Greba politikoa dela esaten duenean zuzen dabil: Rajoyk ezarritako eta Nafarroan UPN-PSNren Gobernuaren babesarekin inposatutako politika neoliberalen kontrako greba baita. Madilen inposaketen aurrean nafar langileen eskubideak defendatzeko greba da. Gainera, greba hau Barcina andereak zuzentzen duen Gobernuak darabilen murrizketen politikaren eta bereziki Roberto Jimenezek pasa den astean zerbitzu publikoetarako aurkeztu zituen neurrien kontrako Greba ere izango da. Azkenik, Nafarroan diren 50.000 langabetuekiko elkartasun greba ere izango da martxoaren 29koa.

Sarriá jaunak esan du ez dela grebak egiteko une egokia eta hori erabat ulergarria da, grebak eta ekintza sindikala baitira patronalaren nahiei muga jarri diezaioketen tresna bakarrak. Sarriá jaunak frankismoaren zegoen lan harreman eredura bueltatu nahiko luke (patroiak agindu, langile mutu) eta horregatik dago horren pozik Rajoyren erreformarekin. Ondorioz, bere adierazpenek ez diote indarra kentzen Martxoaren 29ko grebari, aitzitik, indartu egiten dute.

Azkenik, Molinerok esan du bere helburua, greba orokorra dagoen egunean, “España gelditzea dela eta ez soilik Espainiaren zatitxo bat”. Jose Maria Aznarren ikasle dirudien Molinerorentzat Nafarroa Espainiaren zatitxo bat besterik ez da, lotsagarria benetan! Españolismo erakustaldi honekin, UGTk eta CCOOek dituzten kontraesanak ezkutatu nahi ditu Molinerok: Madrilen PP-ri kritika egiten dioten bitartean, Iruñean UPN-PSNren itsumutil dira. Bi sindikatu horien zuzendaritzek euren afiliatuen iritzia entzun beharko lukete, horietako askok martxoaren 29an Greba Orokorra egitearen aldekoak baitira. Definitu daitezela: edo nafar langileekin daude, edo Barcina eta Sarriarekin.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.