2024-11-21
HomeEkintza SindikalaIrati Tobar: “Hezkuntza Legeak trantsizio fase bat ahalbidetu behar luke”

Irati Tobar: “Hezkuntza Legeak trantsizio fase bat ahalbidetu behar luke”

Hezkuntzan gaurkotasun betekoak diren hainbat gai aletu ditu Irati Tobar LABeko Irakaskuntzako arduradunak, Naiz Irratian egin dioten elkarrizketan; nagusiki, Hezkuntza Legeari dagozkionak. Lege aurreproiektua hizpide hartuta, ereduari dagokionez hobetzeko asko duela nabarmendu du Tobarrek. Legeak “lurraldetasua, Euskal herriaren aitortza” jaso behar lukeela defendatu du, baita Euskal Herriak bere hezkuntza propioa eratzeko duen eskubidea ere: “Zergatik ez baliatu legea hezkuntza eskumenetan sakontzeko?”

Bestalde, LABek euskal hezkuntza zerbitzuari “publiko” abizena jarri izana ez duela ontzat jotzen berretsi du Tobarrek. Publikoak titularitate publikoa dutenak direla adierazi du, nahiz eta badiren izaera publikoa dutenak ere; ikastolak, kasurako. Halaber, “ituntze unibertsala pixkanaka mugatzeko” neurriak eskatu ditu, eta gaineratu, diru publikoa jasotzen duten ikastetxeen betekizunak “zorroztu” egin beharko liratekela, baita betekizun horiek ez betetzeak izan beharko lituzkeen ondorioak ere.

Edozein kasutan, legeak “trantsizio fase bat ahalbidetu” behar lukeela azpimarratu du Tobarrek, LABek jomugan duen sare publiko, bakar eta deszentralizaturako bidean. Bide horretan, sindikatuaren beste proposamen bat ere gogoratu du: titulartasun partekatuko ikastetxeak sortzea. Administrazio publikoak ikastetxeen titulartasunean parte hartzeak “kontrol publiko hobea” egiteko aukera ekarriko lukeela nabarmendu du.

Ereduari buruzkoak ez ezik, hezkuntzako langileen baldintzen ingurukoak ere izan ditu hizpide Tobarrek. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarekin erdietsitako akordioak ezarritako oinarriak gogoratu ditu, betiere, zehaztuz ondoren mahai negoziatzaile bakoitzera eraman beharko direla akordio orokor horretan jasotakoak. LABek Hezkuntza Legearen eztabaida hasi zenetik heldu dio lan baldintzen gaiari, eta horrekiko “arduraz” jokatu duela esan du: “Esaten genuen, ereduaz gain, lan baldintzetan ere emaitzak behar genituela, eta lorpenak behar genituela. Horrek ez du kentzen ereduari begira bataila batzuk ez ditugunik, izan euskalduntzeari dagokionez, eskola publikoa erdigunean jartzeari dagokionez, laikotasunari dagokionez nahiz lurraldetasunari dagokionez”.

Hemen entzun daiteke elkarrizketa, osorik: https://irratia.naiz.eus/eu/info_irratia/20230616/hezkuntzan-egun-dugun-ituntze-sistema-unibertsala-mugatzen-joan-behar-da

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gizarte Segurantza propioa eskatu dugu, langileen osasuna kontrol eta presioaren gainetik jartzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, INSS Gizarte Segurantzaren Espainiako institutuaren bulegoen ondoan, kapitalak langileriari egiten dion kontrol eta presioaren gainetik osasuna eta prebentzioa jar daitezela aldarrikatzeko. LABek Gizarte Segurantza propioa eskatzen du, nafar langileen beharrak benetan erdigunean paratuko dituena.

Mobilizazioak gaur EAEn, kalitatezko hezkuntza helburu, publikoa indartzea eta inbertsioa handitzea eskatzeko

Mobilizazioak 17:30ean izango dira, Donostian (Alderdi Eder), Zumaian (Saregileen plaza), Orereta (Herriko plaza), Eibar (Untzaga plaza), Bilbon (Plaza Zirkularra), Barakaldon (Anaien parkea), Durangon (Ezkurdi plazan), Gernikan (Merkurio plazan), Igorren (Biribilgunean), Algortan (Fadura LHII Lanbide Hezkiketako ikastetxean), Gasteizen (Arka plazan) eta Laudion (Herriko plazan).

LAB sindikatuak positibotzat jo du Erorien Monumentu Frankista errotik aldatzea ahalbidetzen duen akordioa

LABek positibotzat jo du EH Bildu, PSN eta Geroa Bai alderdiek Monumentu honen izaeran eta esanahian aldaketa erradikala ahalbidetzearen inguruan lortutako akordioa. Hala, Erorien...