2024-11-24
HomeEkintza SindikalaDei egiten diogu Eusko Jaurlaritzari EAEko ikastetxeetako jangeletako eta eskola-garraioko langileen lan-baldintzak...

Dei egiten diogu Eusko Jaurlaritzari EAEko ikastetxeetako jangeletako eta eskola-garraioko langileen lan-baldintzak hobetzeko

Ekainaren 2an iragarri genuen hezkuntza eremu osoko langileen lan baldintzak hobetzeko oinarrizko akordio bat lortu genuela EAEko Hezkuntza Sailarekin, arlo honek behar dituen eraldaketa sakonak ezinezkoak baitira langileak aintzat hartu gabe. Akordio horretan aintzat hartzen ziren hezkuntzan azpikontratatuta diharduten langileak ere. Zehazki jasotzen da jangela ereduaren inguruko azterketa egiteko konpromisoa, baita hau langile publikoekin betetzeko aukera aztertzekoa ere.

Lan-baldintzei buruzko akordioan jasotako edukiak mahai sektorial bakoitzean garatu beharko dira. LAB sindikatua lehen indarra da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren mendeko jangeletan eta eskola-garraioan. Horregatik, LAB prest dago jangela ereduari eta bertako eta eskola-garraioko langileen lan-baldintzei buruzko hausnarketa- eta negoziazio-prozesuari ekiteko.

Jangelak ezinbesteko espazio hezitzaileak dira gure haur eta gazteentzat. Elikadura osasuntsu eta gertuko baten alde ezinbesteko da esku pribatuetatik askatzea, bai eta egun dauden ratioak berraztertzea ere.

Egungo jangela ereduak ez ditu asetzen haurren elikadura beharrak eta gainera, langileak egoera prekarioan ditu, eta hori haurrek ere nozitzen dute. Egungo eredua sostengaezina da beraz, eta bistan da eraldaketa bat beharrezkoa dela. LABetik ez gara Hezkuntza Sailak egiten duenaren zain geratuko, baditugu gure proposamenak akordioan jasotako konpromiso hori gauzatzeko. Hezkuntza Sailari aurkeztuko dizkiogu eta negoziazio mahaietan defendatuko ditugu, eta beharrezkoa denean ekintza sindikala aktibatuko dugu.

Beraz, LAB sindikatuak dei egiten dio Hezkuntza Sailari ondorengo gaiei heltzeko:

Jangeletan

  • Jangela hezkuntza-gune bihurtu behar da, eta, horretarako, beharrezkoa da ikastetxe bakoitzaren hezkuntza-proiektuan sartzea.
  • Langileen hezkuntza-lana aitortzea.
  • Indarrean dauden araudiak aldatzea:2000ko martxoaren 22ko Agindua, EAEko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako jangelak arautzen dituena derrigorrezko hezkuntzan eta Haur Hezkuntzan.
  • Ikastetxeko erabaki-organoetan parte-hartze aktiboa izatea, ikastetxeko gainerako langileek bezala.
  • Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen zirkularra, kudeaketa zuzeneko jangelen funtzionamenduari buruzkoa (ratioak, funtzioak, lanaldiak, jangela-ordutegia…).
  • Itunpeko ikastetxeetako eta ikastoletako jangeletako langileen eta sare publikoko jangeletako langileen soldatak parekatzea.
  • Kudeaketa-eredu berria (ez bakarrik kudeaketa zuzena), langileak zuzenean Hezkuntza Sailekoak bihurtuz (birmoldaketa).

Eskola-garraioan

  • Indarrean dagoen araudia aldatzea. Zehazki, 69/2015 Dekretua, maiatzaren 19koa, EAEko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako ikasleen eskola-garraioari buruzkoa, hezkuntza-arloan eskumena duen sailak finantzatua.
  • Araudian autobuseko langileentzat eta patioko zaintzaileentzako ratioak sartzea.
  • Ikastetxeko erabaki-organoetan parte-hartze aktiboa izatea, ikastetxeko gainerako langileek bezala.
  • Itunpeko ikastetxeetako eta ikastoletako langileei sare publikoko ikastetxeetako langileen gutxieneko lan-baldintzak aplikatzea.

LABen ustez, orain inoiz baino beharrezkoagoa da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eta sindikatuen ordezkaritzaren arteko elkarrizketa-prozesuari ekitea, aurreko puntuei eta EAEko Hezkuntza Lege berriari buruzko akordioan jasotakoei ekiteko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.