2024-07-23
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaEmakumeen soldata %33,6 igo beharko litzateke gizonen soldatarekin parekatzeko

Emakumeen soldata %33,6 igo beharko litzateke gizonen soldatarekin parekatzeko


Gehienentzat ezaguna ez bada ere, otsailaren 22an emakume eta gizonen soldata berdintasunaren aldeko eguna da. Egun honen leloak aipatutako berdintasuna, oraindik ere, lortzetik oso urrun gabiltzala erakusten dute datuek, tamalez. Emakume eta gizonen soldaten arteko arrakala ez da gauza berria, baina kezkagarriena da arrakala honek 2009tik hona gora egiten jarraitzen duela etengabe Nafarroaren kasuan, eta EAEren kasuan, azken urteetan apur bat murriztu bada ere, oraindik ere esanguratsua izaten jarraitzen du. Gaurko sistema kapitalista hetereopatriarkalak ezarri duen sexuen araberako lan banaketaren ondorioetako bat baino ez da. LABek txosten bat osatu du hainbat daturekin.

Aurreko urteko ekainean INEk kaleratutako azken datuetatik, 2014ko datuetatik alegia, hurrengoa ondoriozta daiteke: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, emakumeen urteko soldata gordina 7.489,45 euro gutxiagokoa izan zen, batez bestez, gizonezkoen urteko soldata gordinarekin alderatuz. Nafarroaren kasuan, emakumeek, batez bestez, 8.496,64 euro gutxiago jaso zuten gizonezkoekin alderatuz.

Hortaz, azken datuen arabera, Hego Euskal Herriko emakumeek, batez bestez, bere kide gizonezkoak baino 7.710 euro gutxiago irabazten dute. Beraz, emakumeen batez besteko soldatak %33,6a handitu beharko luke gizonezkoenarekin parekatzeko.

Emakume eta gizonen soldaten arteko arrakala, gaurko sistema kapitalista hetereopatriarkalak ezarri duen sexuen araberako lan banaketaren ondorioetako bat baino ez da. Emakumeoi zaintza eta etxeko lanak egotzi izana, emakumeen lan merkaturatzea oztopatu, eta era berean lan merkatu horretan aitortza eta maila baxuagoko lanetara bideratu gaitu. Oraindik ere emakumeak gara, lan merkatuan lan baldintza prekarioenak eta ezegonkortasuna pairatzen dugunak. Lanaldi partzialen % 78,3a guk betetzen dugu, eta gure behin behinekotasun tasa %26,7koa da gizonezkoena % 21ekoa denean. Soldata ezberdintasuna ez da beraz emakumeok lan munduan jasaten dugun diskriminazio bakarra.

Datuak erakusten duten moduan, emakumeak lan merkatura sartu izanak ez du ekarri zaintza lanen banaketa erantzunkide batetik, ezta lan merkatuan lan baldintzen parekatzea.

Emakumeon lan baldintzak prekarioagoak izatea, gizonezkoek baino gutxiago kobratzeak, gure burujabetza ekonomikoa mugatu eta menpekoak bihurtzen gaitu, gure bizi baldintzetan eraginez. Egun pairatzen ditugun diskriminazio egoera hauek gainera, eragin eta ondorio kaltegarriak eragiten dituzte gure etorkizuneko erretiro zein langabeziako prestazioei.

Diskriminazioarekin amaitzeko, politika feministetara jauzia

Gaurko egunek, eta egun hauetan publiko egiten ditugun datuek argi erakusten dute orain arteko berdintasun politiken porrota zein diskriminazioa gainditzeko dagoen borondate politiko eskasa.

Bada garaia sistema kapitalista hetereopatriarkalaren logikaren baitan kokatzen diren berdintasun lege, politika eta neurrietatik benetako politika feminista ausartetara jauzia emateko. Egungo sistemak ezarritako sexuen araberako lan banaketan eta gizon eta emakumeen arteko hierarkia harremanetan oinarritzen den jendarte zein lan harreman eredutik, emakume eta gizonen arteko harreman justu eta parekidetan zein lanaren aitortza integrala oinarri izango duen lan harreman eredu berrira trantsizioa egitea ahalbideratuko duten politika feministak behar ditugu. Ausardia eta borondate politikoa da instituzio, botere publiko zein agintari politikoei eskatzen dieguna, egoera honekin amaitzea benetan interesatzen bazaie.
 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Mondélezeko enpresa batzordeak enpresaren jazarpen sindikala salatu du

Zazpi hilabeteko negoziazioaren eta 44 greba egunen ostean, enpresaren jarrera guztiz zurruna izaten ari da, ez edukiei dagokienez, baizik eta langileak kikildu asmoz

Microliquideko langileen asanbladak enpresaren azken proposamena ontzat eman du

Langileen mobilizazioei esker Enplegu Erregulazio Espedientearen baldintzak hobetu egin dira.

LABeko kideak Mugak Zabaltzen karabanan

Balkanetara eginiko Mugak Zabaltzen karabanan parte hartu dute aurten ere sindikatuko hainbat afiliatuk. Ekimen horren helburua da salatzea Europa insolidario honek armak saltzen dituela eta bere mugak militarizatzen dituela.