Azken urte hauetan sindikalgintza feministari buruz hausnartzen eta eztabaidatzen aritu gara: zer den, nola egiten den, zer esan nahi duen, zer suposatzen digun. Gure gorputz-lurraldeetan errotuta dagoen sindikalgintza feminista eta, beraz, gure sindikatuen artean historikoki landu dugun esperientzia internazionalistatik edaten duena.
Bide horretan, uste genuen hausnarketa horiek sindikatu lagunekin sozializatzea eta konpartitzea oso aberasgarria izan zitekeela guztiontzat, urteak baitaramatzagu haiekin borroka ezberdinak partekatzen. Elkarrekin ikasteko, gure sindikatuetan feminismotik eragiteko esperientziak partekatzeko eta partekatzen ditugun nazioarteko espazioetan ereiteko. Espazio horiek, aspalditik, errealitate matxistaren isla ere badira, eta eraldatu egin nahi ditugu.
Hala, ekainaren 9, 10 eta 11n elkartu gara Basoako gunean (Artea, Arratia), sindikatu desberdinetako emakumeen topaketa ez-mistoan.
Hasiera batean LAB sindikatuak bultzatutako gunea da, baina CUT Galiza, Intersindical Canaria, Intersindical Alternativa de Catalunya, La Intersindical eta Intersindical Valenciana sindikatuetako kideekin batera landu eta antolatu da.
Ez dira gutxi izan partekatu ditugun gogoetak eta ikaskuntzak. Gure sindikatuetara eramateko konpromisoa hartzeaz gain, agenda feminista internazionalista partekatu bat eraikitzeko lehen urratsak eman ditugu.