Zenbait gizarte eragile eta sindikatu, LAB tartean, kalera irten dira Barakaldon, gizarte-larrialdietarako laguntzak eskatzeko epearen irekierarekin batera. Astelehenean, lehen egunean, 1.554 familiak egin zuten eskabidea, sei ordu eskasetan. Bada, askok gutxienez apirilaren bukaera arte itxaron beharko dute hitzordua izan eta laguntza jasoko duten ala ez jakiteko.
Manifestariek Gizarte Ekintzaren egoitza eta Barakaldoko udaletxearen arteko ibilbidea egin zuten atzo, gizarte-larrialdietako laguntzak eskatzeko lehen egunean. Pankarta eskuetan izan zutenekin batera, zenbait ekintzailek biluzik eta kateatuta egin zuten bidea. "Murrizketek horrela utzi gaituzte: biluzik eta pobreziara kateatuta", salatu zuten.
Protesta eragile hauek deitu zuten: LAB, Barakaldoko Langabeen Batzarra, Barakaldoko Gazte Asanblada, Berri-Otxoak, Argitan, ELA, ESK eta STEILAS.