2024-11-25
HomeEkintza SindikalaEAEko matrikulazio prozesuaren harira LABen gogoeta

EAEko matrikulazio prozesuaren harira LABen gogoeta

Aurtengo matrikulazio kanpaina dela eta, segregazioari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak hartutako neurrien inguruko harrabotsa izan da hainbat herritan. LABen ikuspegia honako hau da:

1. Eskola-segregazioari ez zaio konponbidea emango egun batetik bestera, baina haren kontrako bideari ekitea behar beharrezkoa da. Ikuspegi integralaz aritu eta neurri zehatzak hartu behar dira dira horretarako, izan ere, administrazioek orain arte hartu ez dituen erabakiek eskola-segregazioa areagotu besterik ez dute egin. Eskola eremuan nahiz jendartean politika publiko antirrazistak beharrezkoak dira. Instituzioek, eragileek nahiz norbanakoek, denok dugu zer egina erronka honetan.

2. Hezkuntza sistemak eraldaketa sakonak eskatzen ditu eta segregazioaren auziari konponbide egokia ematea da erronka nagusienetakoa. Orain arte Eusko Jaurlaritzak ez du behar besteko neurririk hartu, arrazoi sozioekonomikoengatik edo bestelako arrazoiengatik ematen diren segregazio egoerei erantzun egoki bat eman eta eskolaratze orekatu bat bultzatzeko. Herri mugimendua izan da behin eta berriz eskola segregazioari aurre egiteko neurriak eskatu dituena. Beranduegi bada ere, Eusko Jaurlaritzak eta Legebiltzarrak gaiari heldu diote azken urte honetan. Zenbait neurri jaso dira hala hezkuntza akordioan nola hezkuntza lege egitasmoan, eta matrikulazio prozesua arautzeko onarpen dekretu berria onartu du. Azken honi dagokionez, Eusko Jaurlaritzak aldebakarrez eta gardentasunik gabe jokatu duela salatu izan du LABek: https://www.lab.eus/salatzen-dugu-eaen-ikasleak-onartu-eta-eskolaratzeari-buruzko-prozesu-berrian-administrazioak-aldebakarrez-eta-gardentasunik-gabe-jokatu-duela/.

3. Matrikulazio prozesuan zehar izan dira eskola hautatzeko eskubidea aldarrikatu dutenak. LABek errespetatzen ditu guraso eta familia bakoitzaren hautuak, baina segregazioarekin bukatzekotan ezin da eskola hautatzeko eskubidea erdigunean jarri. Euskal Herria herri gisa aintzat hartuta, gizarte kohesioa lortzeak hezkuntza politikaren helburu izan behar du. Aukera berdintasunean, inklusioan, euskaran eta euskal kulturan, hezkidetzan, justizia sozialean eta parte hartzean oinarritutako hezkuntza jasotzeko eskubidea aldarrikatzen du LABek, euskal herritar guztientzat, zernahi dela euren bizilekua, jatorria, errenta edo ama-hizkuntza. Eta horretarako, euskal eskola publiko komunitarioa eratzeko trantsizioa egitea proposatzen du LABek.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.