2024-11-22
HomeIrakaskuntzaHaur EskolakUrriaren 6an egun osoko GREBA eta mobilizazioak Haur Eskoletan

Urriaren 6an egun osoko GREBA eta mobilizazioak Haur Eskoletan

Hezkuntza Sailak, Eusko Jaurlaritzak agindutako 2010eko uztailaren 5eko aurrekontuak murrizteko legearen ondorioz, urte horretarako Haurreskolak Partzuergorako aurrekontua murriztu zuen 450.000 euro gutxiago bideratuz. Testuinguru hartan, Haurreskolak Partzuergoaren asmoa ordezkaritza dugun LAB, EILAS eta ELA sindikatuekin ezarritako murrizketak negoziatzea izan zen baina alde sozialak ez zituen inolaz ere murrizpen hauek onartu, hauek eragin zuzena baitzuten langileen lan baldintzetan eta eskainitako zerbitzuaren kalitatean. Inposaketa hau dela eta, sindikatuok mahai negoziatzailea utzi genuen.
Egoera horretan, Haurreskolak Partzuergoko langileok (kudeaketa alorrekoak zein hezitzaile finko edo ordezkoak) 2010-2011 ikasturtean, Hezkuntza Sailak langileen soldatan zein zerbitzuaren kalitatean ezarritako murrizketak salatzeko elkarretaratzeak eta lau lanuzte arrakastatsu burutu genituen. Mobilizazio hauek eta auzitegia bera epairekin, langileen aldekoa, enpresa kendutako dirua behin-behinean itzultzera behartuta ikusi zuen bere burua, epaia irmoa izan arte eta helegitea jarri ostean.

Halaber, gure aldarrikapenei muzin eginez, Hezkuntza Sailak 2011n Haurreskolak Partzuergoko aurrekontua 1.000.000 euro gutxiago bideratu du, soldata murrizketa ere aurreikusita izanik. Aplikaturiko neurri hauen ondorioz, 2011-2012 ikasturte honetako hasiera baino gogorragoa izaten ari da Haurreskolak Partzuergoan langileon lan baldintzetan eragin zuzena izan baitute. Uztailean eta irailean hainbat eta hainbat hezitzaile haien jatorrizko eta erreferentziazko haur-eskoletatik mugituak izan dira, hezitzaileen bajak ez dira bete, haurreskola txikietan hezitzaile kopurua murriztu egin da, batera heldu arte, koordinazio eta prestakuntzarako denbora hartzeko zailtasun handiak daude giza baliabide nahikorik ez dagoelako.

Laburbilduz, aplikatutako neurri hauek guztiek haur-eskoletan eskaintzen den hezkuntza zerbitzuaren funtzionamenduan zein antolaketan eragin zuzena dute. Ezin dugu ahaztu eskaintzen dugun hezkuntza zerbitzua aurrera eramateko ezinbestekoa dela lan pedagogikoa eta zeregin hau burutzeko (familiekin eguneroko harremanak, ikasturte amaieran zein hasierako hartu-emanak, jarduerak prestatzeko orduak, hezitzaile taldearen koordinazioa…) funtsezkoa da aurrekontuak handitzea.

Tamalez, administrazioa zerbitzu publikoak murrizten eta langileen lan eta eskubide sozialen zapalketan oinarritutako politika jarraitzen duela ikusten dugu , geuk sortu ez dugun egoera ordainaraziz, eta hau, bereziki haurrek kalitateko hezkuntza jasotzeko funtsezko eskubidearen kontra doa. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak "Haur etxeak" deituriko egitasmoa martxan jartzeko dirua bideratu du. Nola da posible dirurik ez dagoela esatea, eta aldi berean eskasagoa eta pribatua izango den beste zerbitzu bat martxan jarri nahi izatea? Haurreskolak Partzuergoaren helburuarekin, hau da, haurraren hezkuntza integrala garatzea, era zuzenean talka egiten du.

Beste aldetik, ordezkaritza dugun sindikatuoi negoziazio eskubidea behin eta berriro ukatzen zaigu, uztailean mahai negoziatzailea eskatu genuen eta gaur arte erantzunik ez dugu jaso. Negoziazio kolektiboa lehenesten dugulako orain dugun lan hitzarmena betetzea eta konbenio berriaren negoziazioa hastea eskatzen dugu.

Laburbilduz, ordezkaritza dugun sindikatuok hauxe eskatzen dugu:

– Hezkuntza Sailak murrizketak alde batera uztea eta Haurreskolak Partzuergoaren aldeko apustua egitea, jendarteari benetako zerbitzu publikoa bermatuz.
– Benetako negoziazioa emateko edukiak mahai gainean jarri, murrizketak alde batera utziz.
– "Haur Etxeak" egitasmoa bertan behera uztea.

Horregatik, Haurreskolak Partzuergoko langile guztiei mobilizatzeko deia luzatzen diegu, lehenengo mobilizazioa egun osoko greba izango delarik urriaren 6an. Donostian Haurreskolak Partzuergoko langile guztien asanblada orokorra burutu ostean manifestazioa egingo dugu. Aurrerantzean jarraitu beharreko pausuen berri emango dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.