2024-11-22
HomeEkintza SindikalaBeste heriotza bat garraio sektorean, urteko bosgarrena

Beste heriotza bat garraio sektorean, urteko bosgarrena

Atzo, 61 urteko garraiolari bat hil zen lan-istripuz Agurainen (Araba). Heriotza horrekin, dagoeneko 24 dira 2023an lan-istripuz Euskal Herrian hil diren langileak, horietako 5 garraiolariak. Hilabetero garraiolari bat hiltzen ari da lan istripuz. Hori da patronalaren ikuspegi ekonomizistan azaltzen ez den emaitza iluna. Honen aurrean, bihar, ekainaren 2an, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuok mobilizazioa egingo dugu Gasteizen, Lakuako Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, 12:00etan.

Garraioaren sektorea da laneko ezbeharren gaitza gehien pairatzen dutenetako bat. Iaz 11 garraiolari hil ziren lan-istripuz. Ez gara nekatuko lan-istripuak lan-baldintza txarren eta prebentzio eta segurtasun-neurri faltaren ondorio direla salatzeaz.

Oso prekarioak dira garraioaren sektoreko lan-baldintzak, lanaldi luzeak, estresa, presioak, garraioagatik ordaintzen duten prezio baxua, lan baldintzek elikadura osasuntsua eramateko sortzen dituen trabak, etab. Horregatik diogu garraioaren sektorean gertatzen diren lan-istripu gehienak guztiz ekidin daitezkeela, eta horretarako borondate politikoa baino ez dela behar, garraiolarien lan-eskubideak bermatzeko eta errespetatzeko neurriak jartzeko, baita erakunde publiko eta enpresa guztien inplikazioa ere.

Prekaritatearekin amaitu behar da. Patronalaren inpunitatearekin amaitu behar da. Erakundeek ezin dute jarraitu bete aldera begiratzen, bestela gertatutakoaren konplize izango dira. Lan istripu gehiagorik ez, ez garraioaren sektorean, ez beste inon!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.