2024-12-18
HomeUncategorizedZazpi neurri aurkeztu ditugu eztabaida sozialaren iruzurrari aurre egiteko

Zazpi neurri aurkeztu ditugu eztabaida sozialaren iruzurrari aurre egiteko


Azken egunotan UGT-k, CCOO-k eta CEN-k, haien egiturak ordaintzeko, diru publikoa erabili izanaz argitaratu den informazioak denok ezagutzen genuen sekretua baieztatu du: UPN-k legez kontra finantzatu zituen aipatu eragileak, erregimenarekiko atxikimendua lortze aldera. Horixe da gaur LAB sindikatuak adierazi duena, Nafar Lansareko egoitzaren parean.

Nafar Lansaren LABeko ordezkaria den Imanol Karrerak eta Nafarroako bozeramaile Igor Arroyok honako zazpi proposamen zehatz hauek erregistratu dituzte.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuari dagokionez:

-Eskatzen dugu Nafarroako Enplegu Zerbitzuak edo bertzela, Nafarroako gobernu berak ekin diezaiola UGT-k, CCOO-k eta CEN-k funtsa publikoak erabili izanaren harira, administrazio espedienteari. Uste dugu Nafarroako Gobernuak ez dezakeela aurreko egoera gainditutzat eman, eta ardurak eskatu behar dituela, bidegabe edo zilegitasunik gabe erabili dirua itzultzea barne hartuz.

-LABek eskatuta, UGT-rekin eta CCOO-rekin lotu hitzarmen arauemaileak deuseztatu badira ere, Gobernuak, batez ere, eusten dio laneko prestakuntza eta orientabideko zerbitzuak azpikontratatzeari, norgehiagoka bidez. Horrela, UGT-k eta CCOO-k jarduera horien alderdi bat kudeatzeko aukera izan dezakete. LABen iritzian, administrazio espedientea ebatziko ez den bitartean, Nafarroako Gobernuak bertan behera utzi behar die UGT-ri, CCOO-ri eta CEN-ri programa publikoen esleipen berri oro.

-Berresten gara eraginkortasun, efizientzia eta gardentasun bermerik onena lanbide prestakuntza eta orientabideko sare publikoa garatzean datzala, azpikontratazioen politikarekin amaituz. Nafarroako Gobernuak onartu zuen, LABek eskatuta, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutu berrituetan sare publikoaren funtsezko ardatz eratzailearen izaera, baina bi aurrekontu-ekitaldietan, %23tik %27ra bakarrik handitu da. Aurtengo urtea erabakigarria izanen da 2018. urteko aurrekontuetan aurrera egin nahi bada. Xede horretan, proposatzen dugu berariazko Batzordea sortzea, horretan ardura izan dezaketen eragile guztiez osatua. Sare publikoa aipatu ildoan garatuko ez balitz, LABek utziko luke Nafarroako Enplegu Zerbitzua.

Nafarroako Parlamentuari dagokionez:

-Gobernua sustengatzen duten taldeei eskatzen diegu Ikerketa-batzordea sor dezatela Parlamentuan. LABen ustez, Gobernuak hasi beharko lukeen administrazio espedientearen ekimen osagarria dugu. Ikerketa-batzorde horren xedea balizko “Eztabaida Sozialaren” estalduran Nafarroan garatu zen eredu klientelarraren ardura politikoak ebaztea litzateke.

-Honez gain, Gobernua sostengatzen duten taldeei eskatzen diegu Nafarroako Eztabaida Sozialaren Kontseiluaren sorrera agintzen zuen 22/2014 legea indargabetzeari ekin diezaiotela, klientelismoan eta funtsa publikoen erabilpen bidegabean oinarritu eztabaida sozialaren eredua instituzionalizatzea dakarrelako.

Garapen Ekonomikoaren Sailari dagokionez:

-Nafarroako Gobernuari egin eskaeran berresten gara, lanerako sarbidean ematen den bazterkeria oro gainditzeaz ardura dadin, batez ere, UGT-ri eta CCOO-ri afiliatuak dauden gizonak nagusiki kontratatzen diren industriako enpresetan. VW-eri dagokionez, asmo-aitorpena lotu bada ere, enpresak oraindik ez du bermerik eskaintzen aukera berdintasuna berma dadin. Gure ustez, Ekonomia Garapen Sailaren sustapena oinarrizkoa gertatuko da alderdi hau egokiro ebatz dadin.

-Funtsezkoa deritzagu UGT-ren eta CCOO-ren gainfinantziazioak hauteskunde sindikalen emaitzetan izan duen eraginari buruzko azterketa egiteari. Prestakuntza eta enpresa askorako sarbidea kontrolatzean, nahiz proselitismoa egiteko baliabide publiko ugari haien esku izatean, UGT-ren eta CCOO-ren ordezkaritza sindikala puztu da toleski.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk EITB bere alderdi interesen mesedetan erabiltzeko duen asmoa salatu nahi dugu

LABek gogor salatu nahi du EAJk, beste behin ere, EITB bere alderdi interesetarako erabiltzeko erakutsitako asmoa, eta, oraingoan gainera, batere lotsarik gabe eta inpunitate osoz, publikoki adierazi izana.

B&B Trends-ena da Gasteizko SDA Factory-ren itxieraren errua

Zuzendaritzak SDA Factory ixteko erabakia hartu du, lehengo Gasteizko BSH. Ia 50 urtetako historia duen enpresa honek Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientean (ABEEE) pasatu ditu azken lau urteak.

Asteasuko Siemens Gamesako ABEEEaren eragina murriztu eta enplegua defendatzeko neurriak lortu ditugu

Hasteko, salatu nahi dugu enpresak negoziaketa talde mailan egin nahi izan duela, Asteasuko langileen ordezkaritza disolbatua eta eragin mugatuarekin zeogoen mahai negoziatzaile bat inposatuz. ABEEE luze eta gogorra nahi zuen enpresak langileentzat eta egoera honen aurrean, markoaren salaketaz gain, neurriaren eragina ahalik eta gehien murrizten saiatu da LAB.