2024-11-22
HomeEkintza SindikalaBizkaiko ostalaritzako beharginak pandemia ordaintzen jarraitzen dutela salatzen eta baldintza duinak exijitzen...

Bizkaiko ostalaritzako beharginak pandemia ordaintzen jarraitzen dutela salatzen eta baldintza duinak exijitzen ari gara gaurko lanuzteetan

Sektoreko langileek soldaten igoerarik gabe jarraitzen dute 2020ko urtarrilaz geroztik. Denbora-tarte horretan, aldi baterako lan-erregulazioak jasan dituzte lehenik (sektorearentzat inoiz soluziorik ekarri ez zutenak), eta gero partzialak (langileen baldintzak erabat malgutzea ekarri zutenak). Hala, sektoreko hitzarmena negoziatzeko blokeoa behingoz eteteko exijitu dute.

Pandemiak utzitako eraginen harira, ostalaritzako langileek ikusi zuten gizarte osoa sektoreko enpresekiko elkartasuna adierazten ari zela. Bada, ordutik hona KPIa % 12 baino gehiago igo den eta sektoreko prezioek %15etik gora egin duten honetan, soldatek 0 euroko igoera izan dute. Sektoreko enpresek beren irabazi-marjinak handitu nahi dituzte, beste behin ere, langile-klasearen kontura. Sektoreko enpresek estutu egin nahi dituzte langileak Covidak utzitako faktura ordaintzen amaitu arte. Bada, beharginak ez daude halakorik onartzeko prest.

Sektoreko lan-baldintzak zer nolakoak diren aski ezaguna da, eta baldintza horiek ez betetzea ere ez da arrotz suertatzen biztanleentzat. Soldata-igoerarekin batera, ezinbestekoa da fitxaketa fidagarriak ezartzea. Gainera, badira babes handiagoa behar duten beste azpisektore batzuk, hala nola janari lasterreko enpresak eta riderrak, eta horiek negoziazio honetan sartzea eskatzen dute ostalaritzako langileek. Azkenik, kontuan hartu behar da hitzarmenak kolektibitateen sektoreari ere eragiten diola, hau da, eskola jangelei eta antzeko zerbitzuei. Sektore prekarizatu horretan, langile gehienak emakumeak dira, kontratu prekarioak eta lanaldi partzialak dituzte, eta lan-karga handiak ere bai. Patronalak beren hitzarmena negoziatzeari uko egiten dion bitartean, dituzten baldintzak hobetu behar dituzte, gaur egun beren beharrak eta kezkak jasotzen ez dituen hitzarmen baten borrokarekin bat eginez.

Horregatik guztiagatik, eta askoz gehiagogatik, Bizkaiko Hitzarmenaren Negoziazio Mahaian ordezkaritza dugun sindikatu guztiok deitu ditugu gaurko lanuzteak. Goizean GASCA eta VASCA kolektibitateetako enpresen sukalde nagusietan egin duten bezala, eguerdian herrialdeko hotel nagusien aurrean egongo dira, eta 20:00etatik aurrera Bilboko tabernetako kale nagusiak zeharkatuko dituzte, Ledesmatik abiatuta.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.