2024-11-22
HomeEkintza SozialaEskubide Sozialen KartaMurrizketen aurkako giza-kate bat egingo dugu ostiralean, Eskubide Sozialen Kartak deituta

Murrizketen aurkako giza-kate bat egingo dugu ostiralean, Eskubide Sozialen Kartak deituta


Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren izenean, sindikatu eta eragile sozialetako hainbat ordezkarik agerraldia egin dute gaur, babes sozialerako euskal sistema duin bat aldarrikatzeko eta Eusko Jaurlaritzak legea betetzen ez duela salatzeko. Hain zuzen ere, Gasteizko Gobernuaren murrizketa politika salatu dute eta, bide batez, ostiralerako deitutako giza-katean parte hartzeko deia luzatu dute. "Murrizketa politika hauen aurrean, larritasun sozial eta pobretze orokortua gainditzeko, mobilizazioen garrantzia berresten dugu", nabarmendu dute. Giza katea ostiralean izango da, 10:30ean, Lanbidek Bilbon dituen bulego nagusietatik abiatuta (Bizkaia plazatik, hain justu). Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzan amaituko.

Hauxe da Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren izenean argitaratutako adierazpena, ostiraleko protestaren harira:

BABES SOZIALERAKO EUSKAL SISTEMA DUIN ETA KALITATEZKOA

EUSKO JAURLARITZAK EZ DU LEGEA BETETZEN!

RGI-aren murrizketen kontra!

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun sindikatu eta eragile sozialek bizitzaren sostengua erdigunean kokatzen duten jendarte eredu bat defendatzen dugu.

Horregatik, Eusko Jaurlaritza aplikatzen dabilen politika antisozialek biztanleriaren pobretze orokorra bultzatzen dutela salatzen dugu. Aberastasunaren banaketa gero eta injustuagoa da. Langabezia, prekarietatea, pobrezia eta desoreka sozial eta ekonomikoak areagotzen dituzte, aurrera daramatzan politika publikoek ez dutelako egoerari buelta ematea helburu, pertsonen beharrizanei lehentasuna emanez.

Lanbidek kudeatzen dituen prestazio desberdinak Lanbidearteko Gutxieneko Soldatari lotuta daude: beraz, azken honen edozein igoera, zuzenean aplikatu behar zaie, “Gizarteratzea eta Diru Sarrerak bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legearen” arabera.

Ondorioz, aurten Lanbidearteko Gutxieneko Soldata %8 igo dela kontuan hartuta, berehalakoan aplikatu beharko litzaieke igoera hori bai Diru Sarrerak bermatzeko Errentari, bai Lanbidek kudeatutako gainerako prestazioei.

Pentsiodunentzako laguntza Osagarria, Laneko Diru-Sarrerak osatzeko Errenta, Diru-Sarrerak Bermatzeko errenta eta Etxebizitzarako Laguntza Osagarria jasotzeko eguna zen urtarrilaren 30ean, ordea, ez zen hori pasa. Laguntza sozial hauen hartzaile diren 64.000 familiak Enplegu eta Politika Sozialen Aholkulari den Beatriz Artozabalen Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren %8ko igoera dagozkien prestazioei ez aplikatzeko erabakia pairatu dute. Nahiz eta legez den igoera hori egin beharrekoa.

Bestalde, familia horiek beraiek, azken 5 urteetan zehar, jasotzea zegokienaren %7ko murrizketa jasan izan dute. 5 urte beranduago, pentsio miserableek, etxe kaleratzeek, pobreziak eta enpleguaren behin-behinekotasunak bereziki kaltetutako kolektiboak kondenatzen dituzten murrizketak mantentzen dira.

Beraz, aipatutako %8ko igoera Enplegurako Pizgarriei, Diru-Sarrerak Bematzeko Errentari, Pentsioen Osagarriari edo Alokairuaren Laguntzei aplikatzeko Jaurlaritzaren ezezkoaren aurrean eta jaso beharreko kopuruen azken urteetako %7ko murrizketaren aurrean…

-Alde batetik, URTARRILEKO diru-sarreran, Lanbidek kudeatutako prestazioetan Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren %8ko igoera aplikatzeko EXIJITZEN DUGU.

-Bestetik, hurrengo aurrekontuetan, pobretutako eta prekarizatutako jendartearen zati handi batek ezinbestekoa duten Diru-Sarrerak bermatzeko Errenta eta gainerako prestazioetan %7ko MURRIZKETA EZ MANTENTZEA EXIJITZEN DUGU.

Bestalde, murrizketa sozial hauek justifikatzeko Diru-Sarerrak bermatzeko Errenta igota, lan merkaturako sarrera sustatzearen kontrakoa egiten egongo ginatekeela baliatuta diskurtsoa guztiz faltsua dela mahaigaineratu nahi dugu. Lanbideren datuen arabera, bizikidetza unitateen %20ak (12.504) anpostu prekarioa du, eta euren diru-sarrerak osagarritzen dituzten lagun- tzaren bidez; prestazioen %25 (15.817-), pobrezia pentsioak ordaintzera bideratuta daude; eta beste %20, egungo prekarietate egoeraren ondoriozko langabezia prestazio eskasak osagarritzeko dira.

Gertatzen ari dena salatzea ez da nahikoa. Egoera errotik aldatu behar dugu, bestelako lehentasun batzuk izango dituen Euskal Herriko eredu sozio-produktibo bat eraikitzen. Oinarrizko beharrizanak asetzea oinarri izango duena; ondarearen, enpleguaren eta lanen birbanaketa; sektore publikoaren lidergotza; interes kolektiboaren babesa indibidualismoaren sustapenaren kontra; politika ekonomikoaren eraginkortasun sozial eta ekologikoa; gizon eta emakumeen arteko parekidetasuna…

Murrizketa politika hauen aurrean, larritasun sozial eta pobretze orokortua gainditzeko, mobilizazioen garrantzian berresten gara. Agerraldi honen bidez, datorren otsailaren 3an, 10:30ean, Lanbidek Bilbon, Bizkaia plazan hain zuzen, dituen Bulego Zentraletatik Eusko Jaurlaritzaren Delegaritzara arte egingo dugun Giza-Kartearen deialdia egiten dugu.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.