2024-11-22
HomeEkintza SindikalaEsku-hartze sozialean segurtasunez lan egiteko eskubidea daukagu

Esku-hartze sozialean segurtasunez lan egiteko eskubidea daukagu

LAB Sindikatutik esku hartze sozialean jarduten dugun langile zenbaiten testigantzetan akuilatuta, askotan jazartuak, irainduak, erasotuak eta orohar gogogabetuak sentitu ohi garela adierazi nahi dugu. Hau guztia azaltzeko baina, eraso baten berri eman nahi dugu lehendabizi; eraso hau ordea, urte luze hauetako enegarrena ere bada zoritxarrez.

Bi hezitzaile, emakumezkoak biak (esku hartze sozialeko sektorea, beste asko bezalaxe, feminizaturiko sektorea baita), portaera arazo larriak dituen nerabe baten interbentzioa egiten ari ziren bitartean gogor jipoituak eta lurrean arrastaka ibiliak izan ziren, lesio fisikoak jasateraino. Behin nerabea ospitalean zegoela, berriro oldartu zen. Hezitzaileak hala-nola eutsi zioten interbentzioari, baina egoera kudeaezina bihurtu zen; hau gutxi ez, eta egoeraren larritasuna eta konplexutasuna ulertu ez zuten inguruko erizain eta zeladoreen partetik irain eta gutxiespenak ere jaso zituzten langile hauek.

Ez dugu baina inolako uniformerik nahi, ezta aldagai askoren biktimak diren eta hartatzen eta hezten ditugun nerabe hauek kriminalizatu nahi ere. Ez gara gure harrera–pisuetako sarreretan segurtasun langile uniformadunak eskatzen ari. Aurrera eramaten ditugun interbentzio pedagogikoen kalitate falta salatu nahi dugu, beharrezko baliabideen faltaren ondorioz. Prebentziorako, esku hartzea planifikatzeko eta jarraipen egoki baterako bitarteko gehiago behar ditugu, hori da eskatu nahi duguna. Gizarte Zerbitzuetako ratioak hobetu ezean, gure lana behar bezala gauzatzea ezinezko bihurtzen da, eta ondoren iristen dira ezbeharrak.

Baja gehienen arrazoi nagusia bestalde, lanak eragindako estres egoerak izaten dira, beraz ez da hezten ditugun nerabeen garapen eta osasun mentala soilik arriskuan aurkitzen dena, egunez egun haur hauen integrazio eta garapen osoaren alde lanean buru belarri diharduten langileen osasun fisiko eta mentala ere bada, arriskuan aurkitzen dena.

Sinestezina iruditzen zaigu Gipuzkoako Foru Aldundiak hamaika eraikinen jabe izan arren, harrera-etxe espezializatu gehiago irekitzeari behin eta berriro uko egiteaz gain, behar horiek dituzten nerabeak pisu basikoetara deribatzen ibiltzea edota are larriagoa den moduan, plaza falta argudiatuz eta nerabeen lotura faltaren aitzakiapean kasu batzuk espainia aldeko (Kantabria,
Aragoi) harrera–etxeetara bidali izana; errekurtso berriak ireki beharrean, beste probientzetako zerbitzuetara deribatu dituelarik (urruntze honek dakartzan ondorio kaltegarri guztiekin), GFAren babespeko haur eta nerabeen zaintza zerbitzuaren kostuak murriztuz.

Hau nahikoa ez eta GFAren babespeko behar bereziak dituzten haur eta nerabeen zaintza espezializaturako diru laguntzen erabilpen okerra egiten ari dira harrera-pisuak kudeatzen dituzten hainbat enpresa; diru laguntza publiko hauekin, behar bereziak dituzten haurren zaintza esklusiborako erreferentziazko langileak kontratatu beharrean, langile hauek harrera-pisuko haur guztien hezitzaile moduan jardutera behartzen dituzte, ratioak betetzeko kostuak murriztuz eta haur hauek erabateko babesgabetasun egoeran utziz. LAB Sindikatu moduan, diru laguntza publiko hauen erabilpen okerra salatu dugun arren, GFAk ezikusiarena egin du.

Muturreko egoeratan aurkitzen diren pertsonentzako (izan haur edo nerabe, indarkeria matxistaren biktima, kalean bizi diren pertsona edota menpekotasunak dituzten zaharrentzako), zaintza eta esku hartze zerbitzuak hobetzeko interbentzio interdiziplinarra indartzea da GFAri eta bestelako Administrazio Publikoei eskatzen dieguna, ez baitugu ahaztu behar, azkenfinean diru publikoz finantzatutako Zerbitzu Publikoen ardura administrazio publikoarena dela.Gipuzkoako Esku Hartze Sozialeko IV. lan hitzarmena negoziatzen ari garen honetan, aukera paregabea dute pribatizatuak izan diren gizarte zerbitzuen kudeaketaz arduratzen diren enpresek, bai eta zerbitzu hauek finantzatzen dituzten Administrazio Publikoek haien erantzukizuna onartu eta lan baldintzak duintzeko, baita eskaintzen ditugun zerbitzuen kalitatearen mesedetan ere.

Horregatik, asteazken honetan, hitzordu garrantzitsu bat dugu kalitatezko zaintza eta gizarte zerbitzuen defentsan, bai eta hauek aurrera eramaten ditugun langileon lan baldintza duinen defentsan ere; LAB Sindikatutik 11:00etan GFAtik abiatuko den mobilizazioan parte hartzera animatu nahi zaituztegu, Udal-Foru Hauteskundeak pasa ostean egingo ditugun deialdietan parte hartzera gonbidatzearekin batera.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.