2024-11-23
HomeUncategorizedHezkuntza akordioa bai, baina ez edozein akordio

Hezkuntza akordioa bai, baina ez edozein akordio

Hainbat gai jorratu ditu Cristina Uriarte EAEko Hezkuntza Sailburuak bere agerraldian, baina hezkuntzaren eremuak behar duen sakontasun eta ikuspegi estrategiko gabe. Alta, gaia, merezi duen dimentsio eta seriotasunarekin denon artean heldu behar delakoan gaude. Beraz, herri gisa arituz, erantzukizunez jokatzea dagokigu guztioi.

Bere agerralditik ideia bat azpimarratu nahi dugu, akordioarena alegia. Ez du inongo zehaztapenik eman honen gainean, baina lau hilabete eman ditu hau gauzatzeko. Baina nola gauzatuko da? Nork partehartuko du? Non gauzatuko da? Hezkuntza Saileko saloietan? Baina serioski, norbaitek pentsatzen du hezkuntza komunitate guztiaren partehartzerik gabe eta hezkuntza sailetako lau pareten artean egin daitezkeen balizko analisi, akordio edota legeek eramango gaituztela hezkuntza sistema propiorantz? Eta hau dena lau hilabetetan. Serioak izan gaitezen, otoi!

Guk, hezkuntza herri proiektu gisa ulertzen dugu guk. Eta ideia horri jarraiki hezkuntza komunitateak batu, entzun, hitzegin, hausnartu eta adostasunak bildu behar dituelakoan gaude. Euskal Herriak hezkuntzan ere herri akordioa iruten hasi behar duela.

Herri akordio bat non, heziketa prozesuaren parte diren aktoreek saretuko duten. Eskuz- esku hezkuntza formala, ez-formala eta informalak, herritarrek, ehunduko duten akordioa. Nazio ikuspegia oinarri eta helburu. Eta adostasunak blindatzeaz haratago, betikotuak diruditen korapiloak askatzen lagundu eta beste eredu berri baten bidean jarriko gaituena.

LABtik ez dugu inondik inora onartuko hezkuntza komunitate osoaren partehartzerik gabe eta hezkuntza sistema propioa eraikitzea helburu ez duten inolako akordiorik, ez dugu iruzurrik onartuko eta bide horretan aurrez aurre izango gaitu sailburuak.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.