2024-11-22
HomeEkintza SindikalaArcelorrek eta sindikatu estatalek euskal ordezkaritza errespetatzen ez duen akordio berri bat...

Arcelorrek eta sindikatu estatalek euskal ordezkaritza errespetatzen ez duen akordio berri bat erdietsi dute

Bost urte luze ondotik, Arcelorrek eta estatuko sindikatuek Asturiaseko interesen neurriko Akordio Marko berri bat erdietsi dute.

Azkenean, aurreikus zitekeen egoera eman da eta, ohikoa den moduan, betikoek betikoekin hurrengo urteetarako lan baldintzak ezarriko dituen Akordio Marko eskas bat inposatu diete Euskal Herriko Arcelorreko lantegiei.

Alde batetik, garbi gelditzen da edukiak hagitz urrun daudela duinak edo onuragarriak izatetik, are gehiago kontutan hartzen badugu enpresak azken urteetan inoiz izan dituen irabazi ekonomiko handienak izan dituela. Ez genuen bertzerik espero marko estatal batetik eta sindikatu paktisten aldetik. Tristea da horrelako edukiak adosteko bost urte luzez euskal lantegietako negoziaketa kolektiboa bahituta izan izana.

Aipatutako bahiketa hori negoziaketan zehar egon den euskal sindikatuekiko errespetu falten adibide bat baino ez da. Eta errespetu faltak aipatzeko beharrean gaude, alde batetik Olaberria eta Bergara bezalako euskal lantegiei bertan egotera inposatu zaie, euren hitza eta nahia kontuan hartu gabe, modu horretan bertzeen erabakien menpe egotera bortxatuz, eta bertze aldetik, negoziaketa bilera aunitzetan, eta azkenekoetan are gehiago, bizi behar izan dugu nola ordu luzeetako etenaldiak eskatzen ziren estatu mailako sindikatu batzuekin negoziatzeko. Bitartean, euskal ordezkaritza esperoan egon behar izaten zen, bueltatzerakoan dagoeneko guztiz bideratutako eztabaida batekin aurkitzeko.

Gure aldarrikapen eta posizioa, betiko moduan, garbia da eta ikusita zenbat luzatu den azken Akordio Marko hau, ze baldintzetan sinatu den eta ze modutan bideratu den negoziaketa, aldarrikapen hau indartu bertzerik ez da egin; Euskal Herriko negoziaketa marko propioa, hemen borrokarako gaitasun gehiago dugulako, ez gaudelako Asturiasen mesedetan Euskal Herriko lantegiak nola desegiten diren ikusteko prest eta hemen ez garelako saltzen.

Hemendik aurrera, hurrengo kapitulua zabaltzen da, lantegietako akordioak borrokatzea. LABek argi eta garbi adierazi nahi du Akordio Marko ziztrin honek baldintzatuta bada ere, ez dugula inongo atzera pausurik onartuko Euskal Herriko lantegietan eta lan baldintza duinen eta enpleguaren defentsaren alde borrokatuko dugula.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.