Gaude eta Gorabide, aniztasun funtzionalaren arloan pertsonei zerbitzu publikoa ematen dieten bi elkarte, greban egongo dira aste honetan zehar. Gorabideren kasuan, gaurkoa lehenengo eguna izan da, eta manifestazioa egin dute Bilboko kaleetan. Gaude bihar hasiko da greban.
Gaur-gaurkoz entitate pribatuak dira biak, Bizkaiko Foru Aldundiak diru publikoz lagunduak. Hori dela eta, zuzeneko ardurandutzat jotzen dute Gizarte Ekintzako diputatua, Sergio Murillo, nahiz ahaldun nagusia, Unai Rementeria, baita datozen hauteskundeetan azken horren ordezko hautagaia izango den Elixabete Etxanobe ere. Izan ere, agintaldian zehar ahalbidetzen ari direna da pandemian esentzial izan ziren langile horiek, horrenbeste txalotu eta loatu zituztenak, gaur egun kudeatzaileen partetik hutsaren hurrengotzat hartzea eta Ertzaintzak txarto tratatzea.
Joan den maiatzaren 9an, ertzain baten bortizkeria neurrigabekoa tarteko, bi kide ospitalean artatu behar izan zituzten beren adierazpen askatasuna baliatze hutsagatik. Horrez gain, hainbat grebalari identifikatu, katxeatu eta, are, jarraitu zituzten. Beharginek nabarmendu dute komunikabide bakar bat ere ez zegoela han bizitzen ari ziren horren berri emateko.
Hori dela eta, komunikabideetan ikusgarritasun handiagoa merezi dutela aldarrikatu nahi izan dute gaur. Sektore feminizatua da aniztasun funtzionalarena, eta marea urdina deritzona osatzen dute Gaudek eta Gorabidek Madres Mercedariasekin, Aspacerekin eta Argia fundazioarekin batera. Horien guztien hitzarmenak iraungita daude, eta galdutako eros-ahalmena berreskuratzea eta lan-baldintza hobeak izatea eskatzen ari dira.
Gaude eta Gorabide 2021etik ari dira mobilizazioetan, 2022an lanuzteak eta 2023an hainbat greba egun (21 Gorabiden, 9 Gauden) egin dituztelarik. Aste honetan zehar bost greba egun deitu dituzte Gorabiden, eta lau Gauden. Horietan zehar, hainbat protesta ekimen eramango dituzte aurrera.
Nabarmendu dutenez, marea urdina geldiezina da eta hitzarmen justuak lortu arte segiko dute borrokan.
Honako hauek dira bihartik aurrera prestatu dituzten hitzorduak:
- Maiatzak 23, asteartea: Kotxe karabana, 11:00etan Muskizko hondartzatik abiatu eta Biboko Moyua plazaraino joango dena (Gorabide)
- Maiatzak 24, asteazkena: – 08:30-16:45 Informazio piketeak zentro okupazionaletan (Gaude) – Manifestazioa 10:30ean hasita. Gorabidekoak Poza Lizentziatuaren kaletik abiatuko dira, eta Gaudekoak Errekalde zumarkaletik. Bidean elkartuko dira Moyuara iritsi arte. Handik, elkarrekin joango dira Ugaskora, Gizarte Ekintza Sailera. Madres Mercedarias, Aspace Bizkaia eta Argia Fundaziokoak izango dituzte lagun.
- Maiatzak 25, osteguna: – 07:45-16:45 Informazio piketeak etxebizitzetan (Gaude) – 10:30 Gorabide eta Gauderen elkarretaratzea Sabin Etxean. Madres Mercedarias, Aspace Bizkaia eta Argia Fundaziokoak izango dituzte lagun.
- Maiatzak 26, ostirala: – 08:30-16:45 Informazio piketeak eguneko zentroetan (Gaude) – 10:00 Eserialdia Kale Nagusian, Foru Jauregiaren aurrean. Jarraian Poza Lizentziatuaren kalerantz abiatuko dira (Gorabide). – 18:00 Manifestazioa Gauderen bulegotik abiatuta (Gaude)
- Maiatzak 27, larunbata: 12:00etatik aurrera, triki-poteoa, jaima eta otarren zozketa Romoko Santa Eugenia plazan (Gaude). Jarraian, informazio piketeak aisialdi giroan.