2024-11-22
HomeEkintza SindikalaZaintza lanak aitortu eta sistema publiko komunitarioa eraikitzearen aldeko mezuek hartu dituzte...

Zaintza lanak aitortu eta sistema publiko komunitarioa eraikitzearen aldeko mezuek hartu dituzte Bilboko kaleak

Gaur, Bizkaiko egoitzetako langileen azken greba egunean, Bilbon mobilizatu gara Zaintza lanak publikoak dira lelopean. Pribatizatutako zaintza zerbitzu sozialetako langileak eta beren borrokarekin bat egiten dutenak egon dira gaur kalean.

Gaur zaintza zerbitzu sozialetako langileak elkartu dira Bilbon; izan ere, azken hilabeteotan borroka eredugarriak bultzatu dituzte Bizkaian beren lan baldintzen hobekuntzan eta defentsan. Madres Mercedarias, Gorabide, Apnabi, Gaude, Etxez etxeko laguntza, etxeko langileak, erresidentziak, Santa Mariñe egoitza… guztiek daukate zerbait komunean: zaintza lanak egiten dituzte, sistema sostengatzen dute eta beren lana funtsezkoa da Euskal Herriak duen zaintza beharra asetzeko.

Zaintza zerbitzu sozialen titularitateak instituzioen menpe daude, eta hauek dira pribatizatzea erabaki dutenak. Euskal Herritarrok zainduak izateko dugun eskubidea merkantilizatzen dute EAJ-k, Eusko Jaurlaritzak eta Aldundiek. Zaintza zerbitzu sozialetako langileek zerbitzu publikoa ematen dute, beren lanak zaintza sistema oso bat sostengatzen du, baina Aldundiak zein Eusko Jaurlaritza, enpresarien eskutik, zaintza sistema hondoratzen ari dira. Pribatizazioak zaintza sistema degradaziora eramaten du, eta eragin zuzena dauka langileongan zein erabiltzaileengan. EAJ-ren eta enpresarien arteko negozioak eta irabazi ekonomikoen grinak miseriazko lan eta bizi baldintzak areagotzen ditu.

Honen aurrean, zaintza zerbitzu sozialen instituzioen aldetik kudeaketa zuzena exijitzen dugu, borondate politikoa ezin baita izan langileen berme bakarra. Hala, ziurtasunak, konpromiso errealak eta publifikazio prozesua eskatzen ditugu. Zaintza lanak ezin dira pribatizatu, zerbitzuen degradazioari eta okertzeari aurre egin behar zaio, publifikazioaren bitartez.

LABek hurrengoa aldarrikatzen du:

1- Zainduak izateko eskubidearen aitortza, gizarteak dituen zaintza beharrei erantzungo dion zaintza sistema publiko baten beharra, bizi eta lan baldintza duinak bermatuko dituena.

2- Bizitzaren sostengarritasuna bermatzen duten zerbitzu guztien aitortza eta pribatizatuta dauden zaintzarako gizarte zerbitzuak publifikatzea. Hau da, dagokien administrazio publikoak zerbitzu guztien garapena, finantzaketa eta kudeaketa zuzenaz arduratu daitezela.

3- Pribatizatutako zaintza eta gizarte zerbitzuetako langileak publikoak gara. Zor patriarkalaren aitortza sozial, politiko eta ekonomikoa orain.

4- Zaintza eta Gizarte Zerbitzu publikoak indartzea eta langileen lan baldintzak duintzea; langileen eros- ahalmena bermatzea, ratioak handitzea, lizentziak edota bestelako baimenak hobetzea, negoziazio kolektiboa desblokeatzea…

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.